Acehn lanean dauden nazioarteko erakundeen arabera, arazo handiak daude, bai logistikarekin inguruko bi aireportuak beteta daude bai eta azpiegiturekin ere. GKE bateko kide batek aitortu zuenez, «orain astebete, beharrezko giza laguntza zekarren hegaldi bat heldu zen Medaneko alboko eskualde bateko hiriburua aireportura. Bost egun igaro arte giza laguntza aireportuan egon zen, geldi, bera garraiatzeko modua aurkitu zuten arte». Hala, isolatuta edo urrun dauden zonaldeek laguntza jaso gabe jarraitzen dutela onartu zuten bertan lanean dauden elkarteetako kideek. Atzo iparraldean izandako 6,2 graduko lurrikarak lanak zaildu zituen.AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadako helikoptero bat lurrera erori zen atzo Acehn. Istripuak Armadako 10 kide zauritu zituen, gutxienez. Gertaera horrek laguntza lanak eten zituen tarte labur batez.Nazioarteko Gurutze Gorriaren esanetan, ur gainean daude gorpuak agertzen dira egunero Sumatra inguruan. «Boluntarioek 2.000 gorpu jasotzen dituzte egunero zonalde horretan», adierazi zuen, atzo, erakundeko idazkari nagusi den Markku Niscalak. Honen iritziz, kopuru horrek ongi erakusten du zonaldea oraindik premiazko laguntzaren faltan dagoela. «Milioi erdi pertsonek premiazko laguntza behar dute eta une hauetan 300.000rentzako haina besterik ez da lortu».Thailandiako lehen ministro Thaksin Shinawatrak, berriz, garrantzia gehiago ematen dio aurrez-aurreko laguntzari, ekonomikoari baino: «Tsunamiaren biktimei lagundu nahi dieten herrialdeei aurrez-aurreko laguntza ematea gomendatzen diet». Hartara, Unicefek psikologo, psikiatra eta pediatrez osatutako talde bat bidali du Thailandiara, iragan abenduaren 26ko hondamendiarengatik traumatizatuta gelditu diren haurrez arduratu daitezen.
Tamil Tigreei eskaera
Sri Lankako tamil etniako ordezkari politiko bat Tamil Tigreei zuzendu zitzaien atzo. Politikoaren arabera, errebeldeek Sri Lankako hiritarrengandik ikasi beharko lukete, hauek itsasikararen biktima guztiei lagundu dietelako, etnia ezberdintasunak alde batera utzita. Halaber, azken bi hamarkadetan herrialdea kolpatu eta 65.000 hildako eragin dituen gerra zibilari irtenbide bat emateko,«elkartasun atmosfera» hau baliatu dezatela esan zien politikariak. « Denok ikasi beharko genuke. Zoritxarrez, batzuek oraindik ez dute lortu», nabarmendu zuen.
-
Datua
14
Indiako Nicobar uharteetako tribu bateko 11 lagunek bi aste igaro dituzte zuhaitz batzuen gainean; hamalau egun, hain zuzen ere. Poliziak igande arratsaldean aurkitu zituen Lunurreko herrixkan. Tartean 7 urteko neskato bat zegoen. Inguru hori txikituta gelditu zen abenduaren 26ko tsunami-aren eraginez. Olatuek aurretik eraman ez zituen kokoen urari esker iraun dute bizirik.