Halere, hamaika arazo dituzte AcehnSumatrako uharte hori izan da iragan abenduaren 26ko itsasikarak gehien kaltetutako eremua giza laguntza banatzeko orduan. Esaterako, kostaldeko mendebaldeko errepidea guztiz hondatuta dago eta bertara airez edo itsasoz soilik irits daiteke. Gainera, azken asteetako euriteek askoz ere gehiago zaildu dituzte lanak. Banburyren esanetan, «bizi duten egoeraren ondorioz gehien sufritzen ari direnak etxerik gabe daudenak dira».Hori guztia gutxi balitz, pasa den asteazken gauean presa bat hautsi zen eta, ordu batzuetan behintzat, Banda Aceh eta Medan lotzen dituen errepidea itxita egon zen. Horrek giza laguntzarako erakundeen lana oztopatu zuen.Gaur, halaber, Idul Adha eguna ospatuko da Indonesian; batez ere Acehn. Islamaren ospakizunik garrantzitsuenetako bat da, eta Indonesiako Gobernuaren aburuz, giza laguntzaren banaketan eragingo du.Acehn laguntza banatzearren egindako ahalegina «handia» izan dela azpimarratzeaz gain, «oso pozik» dagoela gaineratu zuen Banburyk. Horren arabera, 400.000 lagunen artean 5.600 tona elikagai partitu ditu bertan Munduko Elikagai Programak. Hartara, kaltetu bakoitzak 400 gramo arroz, 33 gramo fideo aberastu eta galletetan 30 gramo jasotzen ditu egunero. Nolanahi ere, hurrengo egunetan latako arraina eta landare-olioa banatzeari ekin nahi dio Munduko Elikagai Programak.
Tsunami-ak eragindako hildako kopuruari buruz, alabaina, datu gehiago eman zituzten herenegun. Azken zifren arabera 221.000 dira hildakoak Asia hegoaldean. Hala, BBC komunikabide britainiarrak atzo zioenez, Acehko hiriburu Banda Acehko biztanleriaren %14 hil da itsasikararen ondorioz. Gainera, kopurua gehiago puztu liteke, oraindik urrunen dauden eremuetako datuak falta direlako.
Sri Lankako eta Indiako agintariak, bestetik, ustez umezurtzak daramatzan ontzi baten bila dabiltza. Daily News egunkariaren arabera, ontzia Kolonbotik irten zen hil hasieran eta atzo iritsi beharko zukeen New Delhira. Ustez bahitutako edo ume trafikatzaileen sare batek erositako haurrak doaz ontzian.Umeak trafikatzaileetatik babesteko, nazioarteko erakunde bateko kideak Kolonboko agintariei adierazi dienez, «umeak adoptatu nahi dituzten mendebaldeko bikoteei saltzea da trafikatzaileen helburua». Hala, Kolonboko gobernuak adopzioak debekatu ditu, Estatuan bertan, denboraldi baterako.
Laguntza teknologikoa emateko prest
NBEk Indiako Ozeanoan egingo den tsunami-en aurkako alerta sistema koordinatzea nahi dute munduko herrialde aberatsenek. Horixe erabaki zuten 150 estatutako ordezkariek Koben (Japonia), pasa den asteartean hasi eta gaur amaituko den Hondamendiak Gutxitzeko Nazioarteko Konferentzian.
Lanean hasteko prest dagoela adierazi zuen NBEk. Oinarrizko egitura 12 eta 18 hilabete artean jarri liteke martxan, adituen ustez. Hainbat estatuk proiektua bideratzeko laguntza teknologikoa zein ekonomikoa eskaini dute jada. Abenduaren 26a baino lehenago gisa horretako egitasmo bat martxan egon izan balitz milaka bizitza salba zitezkeela onartu zuten hainbat eta hainbat ordezkarik.
-
Datua
120
Azken bi asteetan Aceh Askea Mugimenduko (GAM) 120 ekintzaile hil dituela aitortu zuen atzo Indonesiako Armadako Ryamizard Ryacudu jeneralak. Hilketa horiek tsunami-aren eraginez aldarrikatutako nola edo halako su-etena indarrean dagoenean izan dira. Jenerala oso ezaguna da bertan, matxinoekin inolako bake-akordiorik nahi ez duelako.
-
ARRANTZALEAK
Protesta egin dute kostatik urrundu nahi dituztelako
Sri Lankako arrantzaleek Gobernuaren egitasmoen aurka protesta egin zuten atzo. Izan ere, Kolonbok kostaldeko herrietatik urrundu nahi ditu arrantzaleak, lursail horietan arrantza-portu berriak eraikitzeko.«Arrantzaleak gara. Nola biziko gara itsasotik urrun? Nola iraungo dugu bizirik, itsasora heltzeko mugitu egin behar badugu?», adierazi zuen Mohamed Riazek. Bera eta beste ehunka kidek manifestazioa egin zuten Hambantotan, hegoaldean.
Han zen estatuko presidente Chandrika Kumaratunga berreraikuntza plana aztertzeko asmoz. Beren lehengo herrietatik kilometro gutxira dauden herrietan, eta «gainera» etxe erosoagoetan bizitzeko aukera izango dutela zin egin zien Kumaratungak arrantzaleei. Hauek, baina, toki horiek nahikoa ez direla diote: «Hondartzetatik gertu bizi behar dugu, gure artean komunikatu ahal izateko».