"Muturreko sektoreen zerbitzura" egotea egotzi dio Sinn Feineko buru Gerry Adamsek DUPi. Buruzagi errepublikanoaren esanetan, Ostiral Santuko Akordioaz geroztik bake prozesuak bizi izan duen "erronka handiena" da egungoa.
Bi egitasmok eragin dute errepublikano eta unionisten arteko azken talka: ongizate sistemaren erreformak eta garai bateko espetxe batean "bakearen zentroa" eraikitzeko proiektuak. Unionistek gogor gaitzetsi dute azken hori, argudiatuz "santutegi terrorista" eraikitzea dela Sinn Feinen asmoa.
"DUPek argi erakutsi du ez dagoela prest instituzioetan parte hartzeko. Aldiz, muturreko sektoreen agenda politikoa betetzen ari da", kritikatu du Adamsek. Haren esanetan, Londresko gobernua bera ere prozesua zailtzen ari da bere konpromisoak betetzeari uko eginez. "Azken urteeko mehatxurik larriena da hau. Buruzagi unionistek uko egiten badiote negoziazioetan parte hartzeari, Irlanda eta Erresuma Batuko Gobernuek bermatu behar dute adostutako puntu guztiak betetzen direla".
Belfasteko exekutiboa osatzen duten bost alderdien arteko liskarrrak ez dira berriak. Izan ere, iazko abenduan ezin izan zuten akordiorik hitzartu ez banderen auzian eta ezta ere protestanteen desfileen inguruan.