Ekialde Hurbila

Aden hartu duela dio Yemengo Gobernuak

Aste honetan hasi zuen gobernuak hiria hartzeko erasoaldia. Martxotik hona borrokak etengabeak izan dira hegoaldeko hiri hartan.

Saudi Arabiak bonbardaketekin jarraitzen du; atzo Sanan hainbat lehergailu jaurti zituen. YAHYA ARHAB, EFE
2015eko uztailaren 17a
17:07
Entzun

Yemengo Gobernuak esan du Aden hartu duela. Presidenteorde Khaled Bahahek gobernuaren Facebook orriaren bitartez adierazi du Adenen "askapena" lehenengo urratsa dela "herrialdeko gainontzeko probintziak matxino huthien eta Saleh presidente ohiaren eskuetatik askatzeko". Gobernuaren indarrek nazioarteko koalizioaren laguntzarekin asteartean hasi zuten hiria hartzeko erasoa. Egun horretan aireportua hartu zuten, hurrengoan portua, eta ordutik auzoz auzo aurrera egin dute. Hala ere, Reuters berri agentziak aipatutako lekuko batzuen arabera, borrokak oraindik ez dira amaitu zenbait auzotan. Martxoan matxino huthiak hirira heldu zirenetik, borrokak etengabeak izan dira bertan.

Gobernuak esan du bizitza "normalizatzeko" lan egingo duela, eta ur eta elektrizitate zerbitzuak berrezarriko dituztela. Halaber, azpiegiturak berreraiki nahi dituzte Aden laguntza humanitarioa banatzeko "zentro" bihurtzeko. Herenegun, gobernuko hainbat goi agintari joan ziren Adenera, egoera ziurtatu eta gobernuaren egoitza bertan berreraikitzeko asmoz. Matxino huthiekin gatazkak hasi zirenean egoitza Sana hiriburutik Adenera lekualdatu zuten, baina martxoan, matxinoak hirira iristerakoan, Riadera ihes egin zuten Abu Rabu Mansur Hadi presidenteak eta haren ministroek. Ordutik, atzerrian egon da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.