Bi ebakuntza ere egin zizkioten medikuek Laith al-Khaldiri, bizirik eusteko ahaleginean; alferrik, ordea. Palestinako Osasun zerbitzuek gaur goizean eman dute nerabe palestinarraren heriotzaren berri. Egun bakarrean hil den bigarren adingabea da. Bestea, 17 urtekoa hura ere, atzo ilunabarrean hil zuten tiroz, Beit Lahiya hiritik hurbil, Gazan. Armadaren arabera, "bi susmagarri" hurbildu zitzaizkien soldaduei, eta haiek tiro egin zieten; ondorioz, gazteetako bat hil zuten, eta bestea zauritu.
Al-Khaldi, berriz, Khalazone errefuxiatu gunetik gertu dagoen kontrolgune batean piztutako liskarretan zauritu zen.
Ostiral goizaldean gertatutako erasoak amorrua piztu du palestinarren artean. Ustez kolonoek eragindako sutean 18 hilabeteko haur bat hil zen, eta haren gurasoak zauritu. Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Israeli egotzi dio erasoaren erantzukizuna.