Adingabeak giltzapean betiko

Amnesty Internationalek AEBei eskatu die 2.500 adingabekoren bizi guztirako kartzela zigorrak berrikusteko; herrialdeak ez du NBEren Umeen Eskubideen Aldeko Hitzarmena onartzen.

Ane Urrutikoetxea.
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Jordan Brown 13 urteko mutikoak zorte handia izan du bizitza osorako kartzelari izkin eginda. Haren abokatuek Brown helduen moduan epaitzea ez dela bidezkoa defendatu dute Pennsylvaniako Justiziaren aurrean, AEBetan, eta adingabe gisa epaitzea lortu dute. Izan ere, estatu horretan adingabeko guztiak helduen modura epaitzen dituzte zuzenean, epaileren batek kontrakoa agindu ezean, eta jada 450 dira estatuan bizi guztirako kartzela zigorra duten adingabekoak. Brownek 11 urte zituen epaiketa hasi zenean, eta bi hilketa leporatu zizkioten, ustez hil zuen emakumea haurdun zegoelako. Emakumea Brownen aitaren neska-laguna zen, eta, fiskalaren esanetan, umeak tiro egin zion ehizarako errifle batekin.

Cristi Cheramiek, baina, ez zuen zorte bera izan, 1994an, 16 urterekin, bizi guztirako kartzelara zigortu zuten. Orain, 33 urte bete ditu, baina ez du beste epaiketa bat eskatzeko eskubiderik. Cheramie epaitu zutenean, oraindik legezkoa zen 18 urtetik beherakoak heriotzara zigortzea, eta, horregatik, bere burua erruduntzat jo zuen, heriotzari ihes egin nahian. Bere mutil-lagunaren izeba hiltzea leporatu zioten Cheramieri. 2005ean, AEBek adingabekoentzat heriotza zigorra kendu zutenean, hiltzailea mutil-laguna izan zela esan zuen Cheramiek, eta beste epaiketa bat eskatu zuen, baina orain arte ez du lortu, hasiera batean bere burua erruduntzat jo zuelako.

Brownena eta Cheramierena ez dira kasu bakanak, adingabe zirenean bizi guztirako espetxe zigorra jaso zuten 2.500 lagun baitaude AEBetako kartzeletan, baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubiderik gabe. AI Amnesty Internationalek AEBei eskatu die bizi guztiko kartzela zigorra ezarritako 2.500 adingabeen kasuak berrikusteko, zigor horiek NBE Nazio Batuen Erakundearen Umeen Eskubideen Aldeko Hitzarmena hausten dutelako. Hain zuzen ere, hitzarmenak ez du onartzen 18 urtetik beherakoek bizi guztirako kartzela zigorra jasotzea. Somaliarekin batera, AEBak dira hitzarmen hori onartzen ez duen herrialde bakarra.

«AEBetan, 18 urtetik beherako pertsona batek ezin du bozkatu, ez alkohola edo tabakoa erosi, ez botika errezetadunik lortu. Ordea, bada bizi guztirako kartzela zigorra jasotzeko nahikoa heldua». AIren ikertzaile Natacha Mensionen arabera, legeak ez ditu adingabekoak behar bezala babesten. AEBetako kartzelen egoera aztertu du Mensionek Hemen izango naiz hiltzen naizenean txostenean, eta bizi guztirako kartzelara zigortu dituztenen artean 11 urteko umeak daudela salatu du.

Gehiegizko zigorra

AEBetako Auzitegi Gorenaren arabera, bizi guztirako kartzela zigorra «bereziki gogorra» da adingabeentzat, helduek baino denbora gehiago pasatu behar dutelako kartzelan: «16 urteko bat edo 75eko beste bat bizi guztirakokartzelara zigortuta, ez dira zigor berdina jasotzen ari». Mensionek, bestalde, ez du uste adingabekoak zigortu behar ez direnik, zigorrak egokitu egin behar direla baizik: «Ez dugu gazte horiek egindako delituak barkatzerik nahi, baina epaitegiek ez dute ahaztu behar adingabekoak direla berriz ere gizarteratzeko erraztasun gehien dutenak». Bizitza aldatzeko «eskubidea» eta «gaitasuna» dutela azpimarratu du Mensionek.

Barack Obama AEBetako presidenteak 2008an egoera aldatuko zuela esan arren, AEBek oraindik ez dute esan NBEren hitzarmena sinatzeko prest dauden ala ez. AEBetakoetatik kanpo hamabi dira bakarrik bizi guztirako kartzela zigorra ezarri zaien adingabekoak. Auzitegi Gorenak iragarri du adingabekoen egoera aldatzeko erabakia hartuko duela, baina ez 2012a baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.