MEXIKO

Aditu talde batek auzitan jarri du Ayotzinapako ikasleen auziaren bertsio ofiziala

Irailaren 26an desagertu ziren Ayotzinapako 43 ikasle, eta horiek Coculako zabortegian erre zituztela adierazi zuen fiskalak. Hori ez zela horrela izan adierazi dute orain adituek. Peña Nietorekin berehala bilera bat egin nahi dute ikasleen senideek.

Gazteen senideen agerraldia; bilera bat egiteko eskatu diote Enrique Peña Nietori. MARIO GUZMAN / EFE
2015eko irailaren 7a
14:08
Entzun

Sei hilabetez aritu da Giza Eskubideen Interamerikako Batzordea Ayotzinapako ikasleen desagerketa ikertzen, eta ikertzaile taldeak auzitan jarri du Mexikoko Gobernuak auziari buruz emandako bertsioa. Txosten batean, adituek uste dute Mexikoko Guerrero estatuko Poliziak eta armadak ez zituztela ikasleak babestu, beste ikasle batzuen aurkako erasoen berri bazuten ere.

Claudia Paz batzordeko kideak adierazi duenez, ikasleen kontrako erasoa "gizon batek zuzendu eta koordinatu zuen". Batzorde horren zeregina luzatuko duela jakinarazi du Mexikoko Gobernuak.

Ikasleen senide ugarik eta Mexikoko gizartearen zati batek ez du bertsio ofiziala sinesten, eta hamaika protesta egin dituzte gazteak desagertu zirenetik. Gurasoek ere auzitan jarri zuten bertsio hori, eta, batzordeak txostena argitaratu ondotik, berehala bilera bat egiteko eskatu diote Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteari.

Mario Cesar Gonzalez desagertutako gazteetako baten aitaren esanetan, batzorde horren txostenak Mexikoko Gobernuaren "antzerkia" desegin du. "Ezin dugu onartu existitzen ez den zerbait. Gure seme-alabak dira, eta beren duintasuna zapaldu zuten", erantsi du Emiliano Navarrete gurasoak.

Batzordearen ondorioez hitz egin du Peña Nietok berak. Auziari buruzko ikerketan txostena aintzat hartzeko agindu duela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.