Adostasunik gabeko hogeita bi ahots

Arabiar Ligako herrialdeen interes kontrajarriak direla eta, Siriako gatazkan bitartekari izateko duen gaitasuna zalantzan jarri du oposizioak. Eraginkortasun falta izan da erakundearen ezaugarri nagusia sorreratik.

2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuaren eta oposizioaren artean adostasuna lortzeko eta herrialdeak duen krisi egoera gainditzeko bitartekari nabarmena izan nahi duela adierazi du Arabiar Ligak berriki. Baina erakundea osatzen duten 22 herrialdeek —Siriaren parte hartzea eten dute behin-behinean— gutxitan erakutsi dute ados jartzeko gaitasuna; izan ere, herrialdeen arteko ezberdintasunak erabaki irmoak eta bateratuak hartzeko muga izan dira beti. Hain justu, askok zalantzan jarri dute Siriako krisiari irtenbide eraginkorra emateko Arabiar Liga bitartekaritza erabakigarria burutzeko gai izango ote den.

Erakundea osatzen duten herrialdeek interes kontrajarriak dituzte Siriako gatazkan. Pertsiako Golkoko herrialdeek, Saudi Arabia buru, Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurkako neurri gogorrak hartzeko eskatu dute hasieratik. Beste aldean, Aljeriak, Yemenek, Libanok eta Irakek Damaskoren bertsioa babestu dute, armatutako taldeak erregimenaren aurkako konspirazioa gidatzen ari direla, alegia. Arabiar Ligak Siriaren aurka neurri gogorrak hartzea oztopatu dute horiek, hain justu.

Hori horrela, Sirian oposizioak nazioarteari presako neurriak eskatzen dizkion bitartean Arabiar Liga denbora galtzen ari dela uste dute askok, barne gatazkak konpondu ezinik. Erabakiak atzeratzeko asmoz, nazioarteko begiraleak ere denbora irabazteko bidali dituztelakoan daude oposizioko kideak.

Siriako erregimenak ustez egin dituen gehiegikeriak bertatik bertara ikertzeko bidali duen nazioarteko behatzaileen taldeak ere zalantzak piztu ditu oposizioko kideen eta Mendebaldeko herrialdeen artean. Homs hirian izan diren begiraleen buru Mustafa al-Dabiren sinesgarritasuna zalantzan jarri dute, Omar al-Baxir Sudango presidentearen konfiantzazko gizona baita. Sudan iparraldearen eta hegoaldearen arteko gerra zibilean nahasia egon dela diote, baita Darfurko gatazkan ere. Hain justu, Al-Baxir presidentearen aurkako atxilotze agindua eman zuen nazioarteko zigor auzitegiak 2009an gatazka hartan gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egin zituelakoan. Hori horrela, Siriako oposizioak salatu du onartezina dela Darfurko sarraskian Al-Baxirren gertuko kolaboratzaile batek Siriako erregimenaren gehiegikeriak ikertzeko ardura izatea.

Damaskoren alde eta kontra

Arabiar Ligaren neurriak berandu heldu dira. Hilabeteetan erakundea isilik egon da, protestetan hildakoen zifrak gora eta gora egiten zuen arren eta nazioarteak zerbait egiteko presio egiten zuen arren. Gatazkan esku hartzea erabaki duenean, berriz, guztiei atsegin eman nahia leporatu diote, baita neurri anbibalenteak hartu izana ere.

Damaskok dio barne arazoak etxean konpondu behar dituztela, nazioartearen esku hartzea saihesteko. Arabiar Ligak, baina, Al-Assaden eskaerari entzungor eginez, Siriako gatazkan muturra sartzea erabaki du; konpromiso handirik gabe, baina. Azaroan erakundetik baztertu zuen behin-behinean, eta zigor ekonomikoak ezarri zizkien erregimenarekin lotura duten hainbat laguni. Dena den, Damaskok nahi bezala bi aldeen elkarrizketak bultzatu nahi ditu, eta oposizioak hainbeste aldiz eskatu duen nazioartearen esku hartzea baztertu du.

Eraginkortasun falta kronikoa

Herrialde arabiarrak batzeko, euren politikak koordinatzeko eta Mendebaldearen eta juduen aurrean euren interesak defendatzeko sortu zuten Arabiar Liga, 1945ean, Egiptok, Irakek, Jordaniak, Libanok, Saudi Arabiak, Yemenek eta Siriak. Une hartan oraindik Europaren mende zeuden herrialde arabiarrak askatzea zuten helburu nagusia, baita Palestinako gutxiengo juduek estatu propioa ez sortzea ere. Hasieratik, baina, neurriak hartzeko gaitasunik eza erakutsi du erakundeak, kideen eta bakoitzaren aliatuen etsaitasunak bideratu baitu haren egitekoa.

Egiptok gidatu du urteetan erakundearen norabidea, eta bere atzerri politikaren mesedetan erabili izana leporatu izan diote maiz. Hain justu, erakundearen sei idazkari nagusi egiptoarrak izan dira, eta bakarra beste herrialde batekoa —Txedli Klibi tunisiarra—.

Siriak eta Saudi Arabiak izan dute eragin gehien Arabiar Ligan, Egiptorekin batera. Izan ere, Kuwaiteko gerratik indartuta atera ziren hiru herrialde horiek 1991n. Hirurak AEB Ameriketako Estatu Batuen esanetara mugitu izan dira gainera, eta Arabiar Ligaren mugimenduak kontrolatu ahal izan dituzte horrela AEBek. Hain justu, herrialde arabiarren interesak baztertu eta Mendebaldearen esanetara makurtu izana egotzi diote erakundeari azken urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.