AEB. Azkeneko urratsaren atarian

Armadan sexu joera aitortzea debekatzen duen legea urtea amaitu baino lehen bertan behera uzteko eskatu du Gatesek. Errepublikanoak gehiengoan izan baino lehen egin nahi dute bozketa demokratek

Kristina Berasain Tristan.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Urtea amaitu baino lehen eman nahi dute pausua, ordurako egin ezean trabak izango baitituzte, eta borroka luzea da denboran luzatzeko. Don´t ask, don´t tell (Ez galdetu, ez esan) lege polemikoa behingoz bertan behera uzteko atarian daude Ameriketako Estatu Batuetan. Robert Gates Defentsa idazkariak premiazkotzat jo du armadan gay edo lesbiana zarela aitortzea debekatzen duen legea hilabete honetan indargabetzea, ezen azaro hasierako bozek marraztu zuten eskenatokia berrianerrepublikanoak izango dira gehiengoan, eta, kostata aurrera ateratako ekimena berriz trabatuko duten beldur dira demokratak. John McCainen hitzak aintzat hartuta, bederen, horixe aurreikusi daiteke; senatari errepublikanoaren ustez oraindik ere goizegi da legea bertan behera uzteko: «Ez naiz esaten ari legea ez dela inoiz aldatu behar, soilik esaten ari naizena da aldaketa une honetan eta modu honetan egitea goiztiarra izan daitekeela».

McCainek neurriak armadan izan ditzakeen ondorioez ohartarazi du. Pentagonoaren ekimenez egindako eta aste honetan plazaratutako ikerketaren emaitzei erreparatu die senatariak ezetza argudiatzeko: armadako kideek auziaren inguruan gero eta zalantza gehiago dituztela ondorioztatu du senatariak, baina soilik gerra misioetan dauden militarren iritzia aintzat hartuta. Hauen artean %58 dira legea indargabetzearen kontra azaldu direnak, baina datu orokorrek diotena oso bestelakoa da; militarren bi herenek babesten dute ekimena eta honek izango lituzkeen ondorioak «positiboak, bitarikoak edo antzeman ezinak» izango liratekeela uste dute.

Armadako burua ere alde

Gates, hain zuzen ere, txosten honetan oinarritu da legea indargabetzeko eskaera egiteko. Herenegun eman zuen inkestaren berri eta biharamunean eskatu du bozketa berandu baino lehen egiteko. Hasiera batean gay eta lesbianak armadan onartzeko erabakiak «ezusteko» batzuk eragin ditzakeela uste du, «baina ez batzuk aurreikusi dituzten aldaketa dramatikoak». Egokitzeko tarte bat beharko dela aitortu du, baina «egin daitekeela eta egin behar dela» defendatuz. Mike Mullen armadako buruak berak babestu du eskaera: «Ez nuke legea indargabetzea aholkatuko baldin eta bihotzez ez banu uste izango erabaki zuzena dela gure militarrentzat, gure herrialdearentzat eta gure ohore kolektiboarentzat». Senatuaren Indar Armatuen Batzordean egindako agerraldian plazaratu du bere iritzia almiranteak.

Bill Clinton presidente zen garaian onartutako legea da Don´t ask, don´tell. Lege horrek armadan sartzea baimentzen zien homosexualei, baina, beti ere, euren sexu joeraz hitz egiten ez bazuten. Orduan ere errepublikanoek jarritako trabengatik eman behar izan zuen amore presidente demokratak, izan ere asmoa zen gay eta lesbianak armadan onartzea, baldintzak ezarri gabe. Log Cabin Republicans taldeak salatu duenez araua indarrean daramatzan 17 urtetan 13.500 militar kanporatu dituzte armadatik euren sexu jarrera aitortzeagatik.

Barack Obama presidenteak bere aurrekariaren oztopo bera aurkitu du bidean -errepublikanoen oposizioa-, baina hark ez bezala militarren babesa du orain maiatzean abiatutako bidearen azken urratsa egiteko. Kongresuari argi berdea eman zion orduan presidenteak auzia eztabaidatzeko, baina errepublikanoek irailean auzia blokeatu zuten aurretik inkestaren emaitzak kaleratu behar zirela argudiatuta. Hori ere egin du, baina botere judizialari berari ere egin beharko dio aurre; Legea Konstituzioaren kontrakoa zela ondorioztatu zuen epaiari, izan ere, helegitea jarri zion urrian Justizia Ministerioak. Kongresuan eta ez epaitegietan hartu nahi dute erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.