AEB. HAUTESKUNDE PRIMARIOAK. Clintonek eta Obamak parekatuta jarraitzen dute egun handiaren ondoren

Kalifornian eta New Yorken Hillary Clintonek irabazi du; Alderdi Errepublikanoan, John McCain doa aurretik

2008ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Alderdi Errepublikanoaren lehian John McCain hautagaiak alde handia lortu du, eta Alderdi Demokrataren neurketan Hillary Clinton eta Barack Obamaren artean erabakitzeke jarraitzen du guztiak. Lehen ondorio horretara hel daiteke atzo AEBetako alderdi biek egindako hauteskunde primarioen emaitzei erreparatuz. Astearte handi gogoangarrian 24 estatutan egin zituzten hauteskundeak. Hautesleku kopurua handia izanagatik, Astearte handiak ez du presidentetzarako hautagaien izenik eman, errepublikanoen aldean McCain faborito argia bada ere.

Clinton eta Obama baikor izateko modua egin du primarioen ekitaldi garrantzitsuenak, baina garaipena nekeza izango dela ondorioztatu ahal izan dute biek. Clintonek estatu handienetan irabazi du. Horien artean, aparteko garrantzia dute Kalifornia eta New Yorkeko lehia eremuetan lortutako garaipenek, alderdiaren biltzar nazionalean ordezkari gehien duten estatuen artean baitaude. Han aukeratuko dute ordezkariek presidentetzarako hautagaia. Clintonek gune handietan aldea atera arren, Obamak tinko eutsi zion: 13 estatutan irabazi zituen bozak, eta Clintonek, bederatzitan. Errepublikanoek ez bezala, bakoitzaren babesa aintzat hartuta hautatzen dituzte demokratek ordezkariak.

«Gure mugimendua benetakoa da eta aldaketa bidean da AEBentzat», esan zuen aldarte baikorrean Obamak Chicagotik. Artean boto guztiak zenbatu gabe baziren ere, «gure garaia heldu da», aldarrikatu zuen hautagaiak. Clinton ere ez zegoen atsekabetuta New Yorken jarraitzaileen aurrera agertu zenean. «Aurrera begiratzen dut gure kanpainarekin eta debateekin jarraitzeko, hurrengo belaunaldiei herrialde hobea uzteko».

Superordezkariek iragarri duten boto aukera ontzat emanda -herritarrek aukeratzen ez dituzten ordezkariak dira, eta hautagai bat edo bestea babestu lezakete biltzar nazionalean- , Clinton eman dute orain arte inkestek lehen postuan. Lidergoa indartu egin zuen atzoko zenbaketak horrela egiten bada. Superordezkarien iragarpena aintzat hartzen ez bada, bestalde, Clintonek alde txikiaz aurrea hartu dio Obamari orain arteko emaitzetan.

Behaketa bikoitz horretatik haratago, hauteslekuetako inkestek adierazi dute Clintonek emakume eta hispanoen babesa eduki duela, eta Obamak, berriz, beltzena. Oro har, gazteek Obamari eman diote botoa, eta helduek Clinton nahiago dute. Adituen ustez, Obamak aberatsak erakartzea lortu du, eta Clinton jende arruntak babestu du.

Nahiz eta Obamak Massachussets estatuan Edward Kennedy eta John Kerryren babesa izan, Clintonek irabazi zuen, eta baita Kalifornian alde handia atera ere. Hala ere, Missouri eta Minnesota estatuetan gailenduta, hautesle independenteengana iristeko gaitasun handiagoa izan lezakeela erakutsi du Obamak. Horiek erabakigarriak izango dira AEBetako presidentea hautatzeko azaroko bozetan. Halaber, caucus-ak egin diren ia estatu guztietan Obamak irabazi du. Ohiko primarioetatik ezberdinak dira, eta ordezkariek herritarrekin eztabaidatzea ahalbidetzen dute.



OHIO ETA TEXAS ZERUMUGAN. Oro har, ordezkarien %42 aukeratu zituzten atzo herritarrek, eta demokraten aldean luzaro iraungo duen borrokarako gertu dira bi hautagaiak. Clintonek hautagai izatea erraz lortuko zuela zabaldu zen lehenik, eta Astearte handiak azken epaia emango zuela hurrena. Orain, baliteke dena Pennsylvaniako azken bozetan erabakitzea, apirilean.

Hauteskunde maratoiak ez du etenik, eta asteburuan dozena bat estatutan emango dute botoa. Obamak inkestek ematen dioten galera gainditzeko eta Clintonengana gerturatzeko beste abagune bat du. Hala ere, ez dira ordezkari asko dituzten estatuak, eta martxora begira jarrita, Ohioko eta Texasko lehia eremuei erreparatuko diete hein batean hautagaiek. Abuztuko biltzar nagusian irabazteko behar dituzten 2.025 ordezkariak lortzen saiatuko dira.Babes ekonomiko handiagoa lortu du Obamak, eta kanpainan abantaila du alde horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.