AEB HAUTESKUNDEEN ATARIAN. Gogo beroa alderdiz aldatu da

Gaur zortzi egingo diren bozetan demokratek behera egitea aurreikusten dute inkestek; Obama bete-betean sartu da amaitu berri den kanpainan, duela bi urte presidentetzara eraman zuen espiritua berreskuratzeko asmoz.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Barack Obamaren kanpainako ekitaldiak ikusita, pentsa liteke duela bi urteko bizipozak irauten duela, baina ilusio hori faltsua ez bada ere, erreala ere ez da, mitinetara bildu baita duela bi urte herrian zabaldutako esperantza. Orain, autobusean, herriz herri, eskuindarrak doaz beste Amerika bat aldarrikatzen eta presidentearen irudia desitxuratzen. Hauteskundeetatik astebetera, eta aurreikuspenak kontra dituela, aldaketa posible dela esateari eutsi dio Ameriketako Estatu Batuetan barna egindako bidaia luzean; presidentetzan jarri zuen Yes, we can esaldi famatuaren formula errepikatuta, gainbeheratik libratzeko eta nagusitasuna berreskuratzeko.

Ordezkarien Ganberan eta Senatuan gehiengoa gal dezakeela esaten ari dira inkestak; kasu onenean Senatuan segituko duela. Horregatik, swing state botoek dantza gehien egiten duten estatuetan ordezkari demokraten kanpaina laguntzen egin ditu presidenteak bi aste, Kalifornian eta Ohion: bere presentziak botoak emango dituen estatuetan. Beste estatu batzuetara, berriz, hobe izan du ez joan, demokrata moderatuen politikarentzat ez baita salgarria.

Goi eta behe ganberetan ez irabazteak buruko min asko ekarriko dizkio presidente demokratari, politikaren kudeaketa orain artekoa baino konplexuagoa; baina horiek galtzea ez litzateke berria izango, ez litzateke harritzekoa, II. Mundu Gerratik bi alditan soilik irabazi baititu Legebiltzarrerako bozak presidentetzan dagoen alderdiak. Ronald Reaganek eta Bill Clintonek, besteak beste, Legebiltzarrerako hauteskundeak galdu zituzten, eta handik bi urtera aise lortu zuten presidentetzarako berriz aukeratzea.

Ordezkarien Ganberako 435 kideen eserlekuak daude jokoan azaroaren 2an, Senatuko 36 -herenak- eta 37 gobernadoreenak, eta oraindik ez dakite hainbat hilabetez alde kontserbadorea harilkatuz joan den estrategiak zenbaterainoko indarra izango duen, Tea Party eskuin muturraren mugimenduak eta Merkataritza Ganberarenak - era anonimoan errepublikanoentzat inoizko diru gehien jaso duen hiru milioi enpresarioen elkartearenak-.

Obamaren arrakasta ez da garai batekoa, baina oraindik ere politikarien artean babes handiena dauka, alderdiko kongresista, senatari eta gobernadore gehienek baino gehiago, eta haren hitz jarioak balioa du oraindik. Bide batez, egin duenaz hitz egiteko baliatzen ari da kanpaina, egindakoari denbora emateko eskatzen, emaitzak ez direlako egun batetik bestera nabaritzen. Errepublikanoen autobusetan saltzen den inpresio ezkorrari kontrastea jartzen saiatu da, egiazko bilakatu diren gezurrei mozorroa kentzen.

Gezurren egia

Osasun erreformak dirua xahutzeko besterik ez duela balio zabalduz joan da hautesle askoren artean; Obamaren administrazioak zergak igo dituela eta defizita handitu duela, inork ez bezala. Finantza sistema porrotetikateratzeko eta langabeziari galgajartzeko defizita handitu zuen presidenteak, baina inoiz ez da hazi George Bush presidentearen garaian bezala. Orduan Tea Partyren eskuin muturreko ekintzaileen burrunbarik ez zegoen hori nabarmentzeko.

Zergetan ere argudiorik ez zaio falta Obamari, baina kontrakoaren ustea hedatuagoa dago. Herritarren %10ek soilik dakite demokratek zergak jaitsi dituztela, New York Times egunkariak emandako datuen arabera, eta kontsumoa bultzatzeko beherapen fiskalak herritar askori egindio mesede.

Gaur egun daukana baino babes handiagoa beharko du, hala ere, bere kontrako konplota geldiarazteko. Ez du duela bi urte hauteskundeak irabazi zitueneko herritarren %70en babesa, baina %45ek babesten dute oraindik ere haren kudeaketa, eta erdiari baino gehiagori gustatzen zaio daukaten presidentea, proposamenen alde edo kontra egon, egiten duen ahaleginagatik batez ere. Ordezkari demokrata batzuek, ordea, ez diote laguntza eskatu; are gehiago, harengandik aldentzen saiatu dira, hauteskundeak gerturatu ahala eserlekua ziurtatzeko.

Errepublikanoak nagusitzen diren auzoetan Obamacare ez babestea -modu gutxiesgarrian osasun erreformak hartzen duen izena- kanpaina egiteko erabili dute demokratek, Virginiako gobernadore Joe Manchinek, besteak beste. Gay eta lesbianen aurkako kanpaina egiteko, abortuaren kontra eta armak erosteko eskubidearen alde, ez da presidentearen alde egotea komeni, gutxiago sozialistatzat duten eremuetan.

Kalifornia gakoa

Kalifornia eta Nevada daude beste aldean -presidentearen laguntza berezia eskatu duten estatuak-, bi horiek galtzeak porrot nazionala irudikatuko lukeelako. Kalifornian Senaturako eta gobernadore izateko ordezkari sendoak dituzte errepublikanoek: Meg Whitman gobernadorerako, eta Carly Florina senatarirako. Euren borroka irabaziz gero presidentetzarako hautagai izan daitezkeela diote. Whitmanek, gainera, bere poltsikotik jarri du kanpainarako dirua, eta eskuin muturrekoen mezuetatik aldendu da, Kalifornian dagoelako, ez Virginian. Bere aurrekoak ere, Arnold Schwarzeneggerek, nahikoa aurrerakoiak diren politikak bultzatu izan ditu, eta Sarah Palinek hark ordezkatzen duen guztiarekin ez du zerikusirik eduki nahi.

Kalifornian demokratek indar handia dute, baina ez da haien feudoa, eta euren arrakasta askotan errepublikanoek hartzen duten jarrerarekin du zerikusia. Oro har, hauteskundeotan errepublikanoek eta haien alde kontserbadoreenak irudikatutako munduak benetan herritarrengan eragina izango duen ikustea izango da gakoa hauteskunde hauetan, demokraten indarra neurtzea baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.