Vietnamgo gerran parte hartutakoa da Denny Meyer (1945) lehenengomailako sarjentu erretiratua; 1968an hartu zuen marine-etan sartzeko erabakia, eta gaur egun gay, lesbiana, bisexual edo transexualek armadan beste edonork bezala parte hartzeko duten eskubidearen defentsan egiten du lan. Bera da militar gay beteranoen artean ezagunenetakoa; ezen maiz hitz egiten du komunikabideetan auziaz. AVER Eskubide Berdintasunaren Amerikako Beteranoak elkarteko kidea da eta web orri propioa ere badu;www.gaymilitarysignal.com. Don't ask, don't tell (Ez galdetu, ez esan) legearen kontra sutsuki ari da borrokan azkenaldian.
Zein izan da orain arte lege horren aurka egindako bidea?
Kongresura eraman zen lege hori bertan behera uzteko proposamena, baina errepublikanoek erabat geldiarazi zuten. Handik epaitegietara eraman zen, eta Virginia Phillips Kaliforniako epaileak Konstituzioaren kontrakoa zela erabaki zuen. Astebetean legea ez zen indarrean egon. Baina goragoko epaitegietaraino iritsi denean, berriro indarrean sartu dute.
Helegite Auzitegiakeman dio Pentagonoari legea betearazten jarraitzeko baimena, beste erabaki bat hartu bitartean.
Arrazakeriaren aurkako borrokan ere antzeko zerbait gertatu zen. Lehendabizi epaitegiek 'hau ez da zuzena, eta ezin duzue gehiagotan egin' esan dute. Baina hortik aurrera korapilatzen hasi da kontua, zeren maila bat gorago jo da, eta horrek baimendu egin du berriro legea ezartzea. Auzitegi Gorenera ere irits liteke hau, eta ezin daiteke ahaztu oso kontserbadorea dela egun. Nork daki zer gertatuko den! Baina garrantzitsuena da militarrek, epaitegiek hitz egin arte, astebetez bertan behera utzi zutela lege hau, eta horrek erakusten du gauzak azkar eta behar bezala ere egin ditzaketela nahi dutenean. Lege hau gabe bizi litezkeela erakutsi dute, eta hori garrantzitsua da.
Zertara baimentzen du lege horrek Pentagonoa?
Militarren batek gay, lesbiana edo bisexuala dela onartzen badu, armadatik kanpo bidali beharko lukete, lege horrek hala dioelako. Legea oso barregarria da; gay izan zaitezke, baina ezin diozu inori esan. Hori zera esatea bezala da, ez esan inori kristaua zarela, edo beltza zarela! Zentzurik gabekoa da, eta lotsagarria. [Barack] Obama presidenteak legea pixka bat aldatu zuen, eta orain norbait armadatik kanporatzeko erabakia talde militarretako idazkariak bakarrik sina dezake, eta hori postu zibila da.
Zein izan liteke hurrengo pausoa?
Kaliforniako epailearekin ados daudela esanez erabakiren bat etor liteke, eta legea bertan behera geratzeko agindu. Kontrakoa balitz erabakia, hurrengo epaitegira helegitea aurkezteko aukera legoke, eta bitartean gauzek berdin jarraituko lukete. Ez dago garbi zer gertatuko den! Kontuan izan oso sektore kontserbadorea dugula hemen. Obama aukeratu genuenean amerikarrak oso azkarrak izan ginen, baina orain kontrakoa izan gintezke pentsatuz 'nola hartuko ditugu ba homosexualak gure armadan, nolako armada izango da hori...'. Zinikoa da, baina hori ari dira erabiltzen errepublikanoak beraien kanpainan. Herrialde guztia suntsitu nahi dute, demokrazia suntsitu nahi dute.
Bill Clinton demokrata izan zen, baina, hau abian jarri zuen presidentea.
1993 inguruan Europako herrialde gehienak, edo Israel moduko herri kontserbadore batek esate baterako, homosexualek armadan egoteko zituzten eskubideak onartu zituzten, beraien politikak aldatu egin zituzten, eta hori baimendu.
Eta zergatik ez zen hemen?
Batzuetan estatubatuarrak inor baino inozoagoak izan gaitezkeelako. Eta hemen badugu oso zinikoa den alderdi bat, herri honen hobe beharra batere inporta ez zaiona, aberastea helburu duena...Begira, 'halako aurreiritziak izan behar dituzu hemen bizitzeko' esan izan digute, eta jendeak sinistu, aizu! Bill Clintonen asmoa homosexualak armadan sartzea baimentzea zen, baina parez pare izugarrizko aurkako indarra aurkitu zuen. Eta zer bururatuko eta lege irrigarri hau asmatzea. Bera negoziazioaren zalea zen, eta horrela sinatu zuen lege hau, eta baita gobernu federalak homosexualen arteko ezkontzarik onartzen ez zuen beste bat ere.
Obamak zerbait egingo al du?
Aurretik botere legegileak, kongresuak,ados dagoen esan behar dio presidenteari! Berari bidali erabakia eta presidenteak sinatu edo ez erabaki dezake. Orain, botere exekutiboan dagoen aldetik, ezin du legerik aldatu; baina har dezake lege hau ez betetzeko erabakia, armadan jende guztia behar dugula argudiatuta.Egia da hurrengo presidenteak bertan behera utz dezakeela erabakia, baina oso zaila iruditzen zait berriro atzera egitea!
Zein da gaur egun gay, lesbiana eta bisexualen egoera armadan?
Vietnamgo gerran egon nintzenean -hamar urtez egon nintzen han- gay zinela jakiten bazen, hil egiten ahal zintuzten, edo bestela armadatik bota zintzaketen, desohore eta guzti. Egun, bestelako mundu batean bizi gara. AEBetan gay gazteak ez dira isilean egoten , ez daukate zertan, nerabezarotik dakite gay direla eta ikaskideek onartu egiten dituzte. Ez zaio inori inporta! Eta denek errespetatzen dute elkar. Beraz, arazoa ez da homosexuala izatea, baizik eta legea.
Fantasia asko dago gay diren soldaduen inguruan...
Gaur egun, militarrek daukaten arazoa badakizu zein den? Soldadu heterosexualek emakumeei jazartzen zaizkiela eta bortxatzen dituztela, eta armadan gayak badaude auskalo dutxetan zer gertatuko zaizun. Horiek pentsaera itxiko pertsona helduen fantasia irrigarriak dira.
Zenbat gay, lesbiana eta bisexual dauden armadan?
69.000 eta 79.000lagun artean, baina tartean ez daude transexualak; zeren hemen ez da horretaz eztabaidatu ere egiten. Herrialde askotan ez dago inolakoarazorik, baina hemen bai!
Zein izan da zure esperientzia pertsonala?
1969a baino lehen denok geunden armairuaren barruan. Ezin genuen ezer esan. Beraz, ez zen gogorra izan isilik egotea, zeren ez geneukan ikusmin handirik. Txiste homofobo asko egiten ziren, eta okerrena zen barre egin behar zenuela. Barrutik oso haserre sentitzen nintzen horrelakoetan. Eta badakizu zer gertatzen zitzaidan? Judua ere banaizenez, norbaitek gai horrekin adarra joz gero, haserre handiagoa erakusten nuen; sutan jartzen nintzen, batzuetan jendea harritzeraino. Neuk bakarrik nekien bi arrazoi nituela.
Noiz esan zenuen: 'Ni militarra eta gay naiz'?
Duela sei-zazpi urte. Mugimendu hau hasi zenean. Eskubideen defentsan aritu izan naiz bizitza osoan. Baina duela sei urte minbizi baten ondorioz hiru hilabetean hilko nintzela uste nuen. Ebakuntza larria izan nuen, eta bizirik atera nintzen, eta pentsatu nuen Jainkoak hemen mantendu nauela zerbaitegatik: eta orain neu naiz nazio osoan gai hauetaz telebista eta bestelako komunikabideetan aritzen dena.
AEB. «Legea oso barregarria da; gay izan zaitezke, baina ezin diozu inori esan»
Gay, lesbiana, bisexual eta transexualak armadan onartuak izan daitezen, borrokan ari da Meyer; errepublikanoek egin dezaketenaren beldur da; demokrazia bera ere suntsitu nahi baitute, haren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu