AEBak eta Afganistan elkarrekin ariko dira «barne erasoen» aurka

Erresuma Batuak eta Danimarkak bilera batera deitu dituzte NATOko kideak, neurri gehiago hartzeko

Erredakzioa
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Etxe Zuria eta Afganistango Gobernua kezkatuta daude azkenaldian NATOren ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarra misioaren kontra izaten ari diren «barne erasoak» direla eta. Gisa horretako erasoetan, gutxienez atzerriko 51 soldadu hil dituzte aurten Afganistango armadako eta Poliziako kideek. Arazo horretaz hitz egiteko, hizketaldi bat izan dute bideokonferentziaz Barack Obama AEBetako presidenteak eta Hamid Karzai Afganistango gobernuburuak. Erasoak amaitzeko, «beharrezko» jo dute bi herrialdeen arteko elkarlana. Faramarz Tamana Afganistango Atzerri ministroaren bozeramaileak iragarri duenez, aurki bilduko dira bi aldeak eman beharreko pausoei buruz eztabaidatzeko.

Erresuma Batuko eta Danimarkako gobernuek ere ezinbestekotzat jo dute barne erasoen aurka neurriak hartzea. Hori dela eta, NATOko herrialdeak bilera batera deitu dituzte. Defentsa ministroek hitzordu bat dute urriaren 9an eta 10ean, eta orduan hitz egingo dute erasoen inguruan. Hala ere, Erresuma Batuko Defentsa ministroak bilera zabalago bat eskatu du gaia lantzeko. Bertan Afganistango gatazkan adituak diren pertsonek ere parte hartzea nahi du, informazio «lagungarria» eman diezaieketelakoan. Danimarkak bat egin du proposamen horrekin.

Gobernuan, berregituraketa

Karzai Afganistango Gobernua berregituratzen ari da azken asteetan. Joan den larunbatean Barne eta Atzerri ministro berriak onartu zituen parlamentuak. Orain, berriz, hamar eskualdeetako gobernadoreak aldatzea erabaki du presidenteak; tartean, Kabul hiriburukoa. Aldaketak herrialdeko eskualdeen herenei eragingo die.

Bestalde, orain arteko zerbitzu sekretuetako buru Rahmatula Nabil enbaxadore izango da hemendik aurrera. Parlamentuko presidenteordeak Nabil kargutik kendu izana kritikatu du. Haren ustez, atzerriko espioitza zerbitzuek behartu dute Karzai erabaki hori hartzera: «Nabilek aurrerapen handiak egin ditu».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.