«AEBak Iraketik erretiratzeko akordioa posible da»

Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak subiranotasuna errespetatzea ezinbestekotzat jo du

ERREDAKZIOA
2008ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
«AEB Ameriketako Estatu Batuek Iraken dituzten tropak erretiratzeko egutegian eta ulermenerako memorandumean adostea posible da». Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroak egin du iragarpena, baina zehaztu du hitzarmenak «ezinbestean» herrialdearen subiranotasuna errespetatu behar duela zehaztu du. NBE Nazio Batuen Erakundeak Washingtoni herrialdea okupatzeko baimena ematen zion ebazpena urte honen amaiera arte dago indarrean. Datorren urtetik aurrera zer egin negoziatzen ari dira orain Bagdad eta Washington. Iraken, lehen ministroaren ustez, jada ez dago «munduaren edo eskualdearen egonkortasuna eta bakea mehatxatuko duen ezer».

Arabiar Emirerri Batuetara egindako bidaian egin ditu adierazpenok Al Malikik. Iraki zorra kitatzea erabaki du herrialdeko xekeak Zaied al Naianek. Arabiar Emirerri Batuekin 4.000 milioi dolarreko zorra zuen, interesak barne, Bagdadek. Al Malikik zorra kitatzeko eta enbaxadak irekitzeko eskaera egin zien apirilean herrialde arabiarrei. Orotara, 65.000 milioi dolarrekoa da zor hori. Kuwait ere zorra kitatzea aztertzen ari da. Saudi Arabiak, Bahrainek, Jordaniak eta Kuwaitek Bagdaden enbaxadak irekitzeko asmoa agertu dute.

Iraken indarkeria ekintzak murrizten ari badira ere, egunero izaten da erasoren bat.



Bakuban 10hildako

Ekintzaile suizida batek soinean zeraman lehergailua zartarazizuen eta hamar hildako eragin zituen atzo Bakuban. Mafrak hiriaren mendebaldean dagoen merkatua leherrarazi zuen bonba, eta hildakoen artean emakumeak eta haurrak daude. Merkatuan jendetza zegoen erasoaren unean, eta litekeena da hildako gehiago izatea; izan ere, hamazazpi lagun zauritu ziren leherketan. Ekintzaile suizida emakumezkoa zen. Dijala eskualdean azken sei hilabeteotan hamazazpi emakumek egin dituzte ekintza suizidak.

Hila hirian, berriz, beste atentatu bat izan zen. Al Kaedaren kontra borrokatzen diren milizia suniten buruzagia hil zuten, haren autoan bonba bat leherrarazita. Adnan Abdel Badrani agintari irakiar eta estatubatuarrekin bildu ondoren etxerako bidean zen. Irakeko Gobernuak Al Kaedari aurre egiten dieten neurrian babesten ditu milizia sunitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.