Arma nuklearren garapenean aurrera eginez, aurreneko aldiz proba atomikoa egin zuela aldarrikatu zuen atzo Ipar Koreak. Nazioarteko komunitatean haserrea eta asaldadura zabaldu zen segituan, eta, atzo bertan NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez gaitzetsi zuen. Areago, Piongiangi zigorrak ezartzeko ebazpena aztertzeko eskatu zuen.
Zigor ekonomikoak aipatu dira orain arte, baina Japoniak zigor militarrak ere aipatu ditu bart zeintzuk liratekeen zehaztu ez badu ere. Baina zigorren arloan pauso handiena AEBek egin dute dudarik gabe: NBEko Segurtasun Kontseiluak onar dezakeen zigor ebazpenaren zirriborroa zabaldu du dagoeneko.
Hainbat neurri proposatu ditu Washingtonek: armen gaineko erabateko bahimendua; jardun nuklearra bultza dezaketen finantza transakzioak debekatzea; arma programarekin zerikusia izan dezakten aktibo guztiak izoztea, eta luxuzko objektuen debekua. Horrez gain, Japoniaren eskaerak ere jasotzen dira ebazpen zirriborro horretan, hala nola, Ipar Koreako itsasontzi eta hegazkinik inongo herrialdek ez onartzea bere lurraldean, eta Ipar Koreako diplomatikoekin harremanak murriztea.
Oraingoz, ordea, ez du ematen Piongiango erregimenak kikiltzeko asmorik duenik. Aitzitik, aurreneko proba nuklear hori arrakastatsua eta bakearentzako ezinbestekoa izan dela aldarrikatzen jarraitzen du. Areago, krisiari irtenbidea emateko modu bakarra AEBek berehala eurekin buruz buruko harreman eta eztabaidak hastea dela agertu du Ipar Koreako Gobernuak. Elkarrizketak hasi eta bi aldeen artean konponbiderik lortu ezean, "gerra nuklearra" hasteko arriskua dagoela ohartarazi du, tea Washingtonek egungo politikarekin jarraitzen badu misil nuklearrak erabiltzera behartuko dituztela.
Mundua
AEBei buruz buruko harremanak hasteko deia egin die Ipar Koreak, "gerra nuklearra eragozteko"
Osterantzean, Washingtonen aurka misilak erabiltzera bere burua behartua ikus dezakeela ohartarazi du Piongianek. NBEk sendo gaitzetsi du Ipar Koreak atzo egin zuen proba nuklearra; zigorrak ekonomikoak ez ezik militarrak ere izan daitezkeela iradoki du Japoniak. Nazio Batuetara Ipar Korearen kontra eramango duten ebazpen zirriborroa zabaldu dute dagoeneko AEBek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu