IRAN

AEBei «infernuko sua» hitzeman die Khatamik, eraso egitera ausartzen badira

Agentziak
TEHERAN
2005eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Irani eraso egitera ausartzen denak «infernuko sua» jasango duela agindu zuen atzo Mohammad Khatami presidenteak, Errepublika Islamikoa eratzearen 26. urtemugako ospakizun egunean. Hitz hauekin, Ameriketako Estatu Batuei ohartarazte bat egin nahi izan zien Khatamik, Washingtonek presioak eta mehatxuak areagotu baititu azken aldiotan, Iranek bertan behera utz dezan uranioa aberasteko daukan egitasmoa. AEBen jokaera honen aitzakia da Washingtonek beldurra duela Iran arma nuklearrez jabetuko dela.

«Irango herriak bat egingodu mehatxu edo oldar egite baten aurrean eta, gauzak horrela, erasotzailea ohartuko litzateke infernuko sua pairatuko lukeela gure herrialdea inbaditzean», adierazi zuen Khatamik, Teheran erdialdeko Azadi plazan bildu ziren dozenaka mila herritarren aurrean. George W. Bush AEBetako presidenteak behin eta berriro egindako adierazpenei dagokienez, zera zioen Irango presidenteak: «Aditzen ditugun mehatxu hauek gerra psikologiko baten barruan sartzen dira eta AEBen porrot egiteen seinale dira». «Inork ez gaitu makurrarazten ahal, inoren men ez gaudelakotz», gaineratu zuen Khatamik.

«Zilegizko eskubidea»

Bezperan egin zituen beste adierazpen batzuetan, berriz, Khatamik ohartarazi zuen Iranek atzera egin zezakeela uranioa aberastea bertan behera uzteko behin-behinean hartu duen konpromisoan.

Ildo beretik, Teherango gobernuak zera nabarmendu zuen atzo: «Iranek ez du apur bat ere atzera egingo energia nuklearra xede baketsuetarako ekoizteko eta baliatzeko daukan eskubidean». Auzi honi buruz hitz egiten ari dira, hain zuzen ere, Iran eta Europako Batasuna egunotan Genevan (Suitza).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.