Garai berrirako prestatzen ari dira AEBak. NATOk 2014a amaitu aurretik erretiratuko ditu Afganistanen dituen tropak, eta Uzbekistanekin negoziatzen hasi da Washington, ISAF Segurtasuna Laguntzeko Nazioarteko Indarrek Afganistango armada eta Poliziari eskumenak eman bitartean. Uzbekistanen base militar bat eraiki nahi du Etxe Zuriak, tropak erretiratutakoan Afganistango egoera okertzen baldin bada ekintza militarrei handik ekin ahal izateko. Hala jakinarazi du, Uzbekistango Gobernuko iturriak aipatuta, Kommersant Errusiako egunkariak.
Eraiki nahi duten baseaAEBek Asia erdialdean duten handiena litzateke. Eraikinaren zati bat egun NATOk Afganistanen erabiltzen dituen armak eta bestelako hornidura militarra jasotzeko erabiliko lukete, eta beste zatia Uzbekistango armadaren esku geldituko litzateke. AEBek eta Islam Karimov Uzbekistango presidenteak oraindik ez dute adostu base militar hori zenbat soldaduk osatuko luketen.
Zazpi urte dira AEBetako armada Uzbekistanen ez dagoela. 2005ean, herrialde hartako Andijon hirian izandako matxinada isilarazteko ehunka zibil hil izana aurpegiratu zion Washingtonek Tashkenti.Hori dela eta, AEBetako soldaduak Karxi-Janabadenko basetik erretiratzeko agindu zuen Karimovek. Bi aldeen jarrerak hurbildu egin dira, ordea, azken hilabeteetan.
NATOk maiatzean Chicagon egindako goi bileran, dagoeneko akordio bat lortu zuten hornidura militarra Uzbekistandik igarotzeko. Washingtonek orain urrats bat gehiago egin nahi du bi herrialdeen arteko elkarlanean. Horren erakusle da Hillary ClintonAEBetako Estatu idazkariak Uzbekistan militarki elkarlanean aritu ez zitezkeen herrialdeen zerrenda beltzetik atera izana. Zerrenda horretan Asia erdialdeko hainbat herrialde daude, giza eskubideak urratzea leporatuta.
Kammersanten arabera, Errusiak «kezkaz» ikusten ditu Uzbekistan AEBekin izaten ari den negoziazioak, eta elkarlan horrek utzi ditzakeen ondorio guztiak arretaz aztertzeko eskatu dio.Errusiak Asia erdialdea kontrolpean eduki nahi du, eta ez du begi onez ikusten AEBek Uzbekistanen base militar batjartzea. Errusiak bezalaxe, Iranek eta Txinak ere eskatu diote Washingtoni Asia erdialdeko base guztietatik erretiratzeko. Kirgizistaneko Manaseko basetik 2014a baino lehen alde egin beharko dute, adibidez.
Asia erdialdeko herrialdeentzat, ordea, ekonomikoki erakargarria da AEBekin elkarlanean jardutea. Washingtonek Kirgizistani urtean 60 milioi dolar ordaintzen dizkio Manaseko basea uztegatik, eta horrez gain, erregaien arloan ehunka milioi dolarreko kontratuak egiten dituzte.
Espedienteak ikertuko dituzte
Bitartean, ez da baretu Afganistango egoera. Gobernuak jakinarazi du 350.000 soldadu eta polizien espedienteak ikertuko dituztela. Horrela, Afganistango indarrek NATOko soldaduen aurka egindako erasoak saihestu nahi dituzte. Izan ere, aurten 40 lagun hil dira modu horretako 32 erasotan; azken bi asteetan, bederatzi. Hamid Karzai Afganistango presidentearen bozeramaile Aimal Faizik «atzerriko espioiei» egotzi dizkie eraso horiek: «Segurtasun arduradunen txostenen arabera, atzerriko espioi agentzien infiltrazioengatik igo da erasoen kopurua».
Hori dela eta, Afganistango Segurtasun Kontseiluak mekanismo berriak jarriko ditu martxan, armadaren edo Poliziaren parte diren edo izan nahi duten herritarrak hobeto ikertzeko; berme sendoagoak eskatuko dizkiete, eta galdeketa zorrotzagoak egin. Horrez gain, espioi gehiago jarriko ditu gobernuak armadan eta Polizian, agenteen jarduera zaintzeko. Batez ere, Iranen eta Pakistanen familia dutenak kontrolatuko dituzte, matxinoekin harremanik ba ote duten jakiteko. Izan ere, gobernuak uste du hilketen atzean bi herrialde horietako talibanak daudela.
Barack Obamak aste honetan «kezka» agertu du eraso horiengatik, etaherenegun, Karzaik bilera bat egin zuen John AllenISAFeko ordezkariarekin. Presidentearen esanetan, ordea, neurriak ez dituzte hartu AEBek egindako presioarengatik.
Washingtonek atzo plazaratutako datuen arabera, 2001az geroztik AEBetako 2.091 soldadu hil dira Afganistanen, eta 17.288 zauritu.
Bi soldadu hil dituzte
Bestalde, Afganistan mendebaldean atzo izandako eraso batean bi soldadu hil ziren.ISAFen hamabi kamioi ere erre zituzten. Polizia iturrien arabera,soldaduak erasoaren lekura gerturatu zirenean borroka izan zuten talibanekin, eta ondorioz,«hainbat taliban» hil zituzten. Ez dute jakinarazi hildakoak zenbat diren. Talibanen bozeramaile batek, berriz,Afganistango berri agentzia bati adierazi dio hamar agente hil zituztela erasoan, eta ISAFen hamabost kamioi erre.
AEBek 2014rako base militar bat izan nahi dute Uzbekistanen
Tropak erretiratutakoan Afganistango egoera okertzen bada, handik azkar erantzutea da Etxe Zuriaren asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu