Barack Obama presidenteak sinatu du jada zorpetze muga handitzeko ituna. Senatuak eta Ordezkarien Ganbarak onartuta, administrazioa urtarrilaren 15era arte irekita dago. Zorpetze muga otsailaren 7ra arte handitu dute, eta modu horretan ordainketak bertan behera uztea saihestu dute.
Itunak babes zabala jaso du bi ganberetan. Hala ere, azken txanpan izan da gaur goizaldean amaitzen baitzen epea zorpetzea handitzeko. Atzerako kontaketa zerora hurbiltzen ari zen momentura arte itxaron du AEBetako Senatuak zerga itunaren zirriborroa adosteko eta hori Ordezkarien Ganberara igortzeko. Azken horrek ituna babestu du aldeko 81 botorekin eta kontrako 18rekin.
"Historikotzat" jo dute akordioa Senatuko buruzagi errepublikano nahiz demokratek. Alderdi Demokratako eta Alderdi Errepublikanoko buruzagiek Senatuan sinatutako itunak konpontze bidean jarri du arazoa, eta horregatik, pozarren azaldu ziren hedabideen aitzinera alde bateko zein besteko ordezkariak atzo.
Hitzarmena lortzeko zailtasunak aipatu zituen gehiengo demokrataren buruzagi Harry Reidek, baina nahiago izan zuen itunaren alde positiboak nabarmendu: "Eztabaida bukatzeko akordioa sinatu dugu. Adiskidetzeko garaia da, bi alderdien arteko elkarlana ezinbestekoa izan baita aurrera egin ahal izateko eta zerga iraunkortasunerako bidea urratzen hasteko".
Izan ere, behin-behineko neurriez gainera, epe luzeko aurrekontu ituna adosteko konpromisoa hartu du Senatuak, azken asteetako krisia errepika ez dadin. Hala, Senatuko zirriborroa onartuz gero, hamar urterako zerga eta aurrekontu hitzarmen egonkorra lortu beharko du Kongresuak abenduaren 13rako, adabaki gehiago jarri behar izan ez dezaten. Hortaz, azken hamarkadetan egin ez dutena bi hilabete eskasetan lortu nahi dute kongresistek.
Errepublikanoak, zatituta
Alderdi Errepublikanoko buruzagi eta bozeramaileek ere txalotu egin zuten Senatuak adostutako ituna. "Luzea eta malkartsua izan da orain arteko bidea gobernuarentzat eta herrialdearentzat orobat, baina amaitzear dagoela dirudi", esan zuen Senatuko gutxiengo errepublikanoko buru Mitch McConnellek.
Hala ere, ituna kontserbadoreen asmoetatik "urrun" gelditu dela onartu behar izan zuen: "Egia esan, gutako askok espero genuena baino askoz gutxiago da akordio hau, baina beste batzuek nahi zutena baino askoz hobea".
Agerikoa da errepublikanoentzat zailak izan direla azken asteetako negoziazioak, agerian gelditu baitira alderdiaren barne gatazkak, ezinikusiak eta agintaritzarik eza. Tea Party ildoko ordezkariek alimaleko ahaleginak egin dituzte zerga ituna blokeatzeko —besteak beste, filibusterismo saio amaigabeak, eztabaida galarazteko—, Barack Obama presidentearen osasun erreforma baliogabetzea helburu.
Horrek kontra jarri ditu alderdiko kide moderatuenak. Atzo, porrota onartu zuen Ted Cruz Tea Party-ko senatari errepublikanoak: "Tamalez, Washingtongo stablishment-ak ez du herritarren ahotsa entzun nahi izan".
Iragan asteartean zorpetze muga handitzeko eta herrialdera amildegira ez eramateko gutxieneko proposamena egin zuen John Boehner Ordezkarien Ganberako presidente errepublikanoak, baina bere alderdikideen babesik ere ez zuen izan. John McCain senatari eta presidentetzarako hautagai ohia izan zen bere alderdiaren egoera hobekien laburbildu zuena: "Errepublikanook onartu behar dugu bataila hau galdu dugula".