Urteurrena dute gaur gazatarrek; baina ez da ospakizun bat. Badira 76 urte Nakba hasi zela —hondamena, euskaraz— , 1948an palestinarrek beharturik bizi izan zuten exodoa. Hiru mende laurden baino gehiago igaro diren honetan, ordea, exodoak ez du etenik; nahiz eta oraingoan zerrendako alde batetik bestera desplazatu behar izan duten. Azken datuen arabera, Israelek Rafah ekialdea —eta gero erdialdea— uzteko agindua eman zuenetik, aurreko astelehenean, 550.000 lagunek egin dute ihes. Gauzak horrela, AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenen administrazioak 1.100 milioi euro baino gehiagoko arma sorta bidaliko dio Israeli. Hala jakinarazi du Euskal Herriko goizaldean The Wall Street Journal egunkariak.
Argitaratutakoaren arabera, AEBetako Gobernuak jakinaraziak dizkio bere asmoak Kongresuari. Hiru zatitan dago laguntza eskaria banatuta: 646 milioi euro jarriko dituzte tankeetarako muniziorako, 460 milioi euro ibilgailu blindatuentarako eta 46 milioi euro morteroetarako jaurtigailuak erosteko.
Joe Bidenen erabakiak harrabotsa eragin du nazioartean; kontraesankorra dela argudiatu dute. Izan ere, aurreko astean Bidenek ohartarazi zuen AEBek ez zutela Israelera armarik bidaliko, armada Rafah hirira sartuz gero. Hain zuzen, Tel Avivi 3.500 bonba ez bidaltzea erabaki eta biharamunean adierazi zuen hori presidenteak.
Baina erabaki horrek hautsak harrotu zituen AEBetan; batez ere, Alderdi Errepublikanoan. Kritika ugari egin zizkioten gobernuari, erabakiaren aurkakoek iritzi baitzioten laguntza militar hori ez bidaltzea Israel bazter uztea zela. Hori dela eta, AEBetako zenbait hedabidek azken egunetan argitaratu dutenaren arabera, errepublikanoek aste honetan adierazi dutenez, Ordezkarien Ganberan lege proposamen bat aurkezteko asmoa dute; arau horrek bide emango luke arma horiek Israelera bidaltzeko.
«Aldeei dei egiten ez dezatela oztopa bizitzak salbatzeko beharrezkoa den laguntza humanitarioaren banaketa».
PAT RYDERAEBetako Pentagonoko bozeramailea
Txanponaren bi aldeekin dihardute AEBek. Batetik, Israeli armak bidaltzeko asmoa jakinarazi du, eta, bestetik, Gazara laguntza humanitarioa itsaso bidez helarazteko nasa bat eraikitzen ari dira —ur gainean joango da—. AEBetako Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek bart adierazi duenez, datozen egunetan egongo da prest. Behin-behinekoa den azpiegitura, oraingoz, ez dago Gazako kostaldean, baizik eta Israelen kontrolpeko Axdod kaitik gertu, Gaza iparraldetik 29 kilometrora. Hori dela eta, laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzeko Gazako kostaldera eraman behar dute.
Bi atalek osatzen dute proiektua: batetik, itsasontziak lotzeko uretan murgildurik egongo den atala; eta, bestetik, lehenengo hori eta lurra lotuko dituen galtzada. Gurpilbide horietatik gerturatuko dira kamioiak laguntza humanitarioa jasotzeko. Ryderrek laguntza humanitarioa ahalbidetu dezatela eskatu die Israeli zein milizia palestinarrei, Hamas tarteko: «Aldeei dei egiten diegu bizitzak salbatzeko beharrezkoa den laguntza humanitarioaren banaketa oztopa ez dezaten». Pentagonoko bozeramaileak eskatu du, gainera, AEBek erraztuko duten behin-behineko kaia laguntza humanitariorako «sarrera bakarra» ez izatea, eta Rafahko pasabidearen garrantzia azpimarratu du. Pasabide hori gaur egun itxita dago —zerrendako beste denak bezala— Israelgo armadak aurreko astean bereganatu zuenetik.
Israel, NBEren aurka
Nazio Batuen Erakundeak ere behin eta berriz nabarmendu du laguntza humanitarioa zerrendan sartzearen beharra. Israelek, bestalde, erakundearen aurka jo du hainbatetan. Azken aldiz, gaur. Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek NBE «erakunde terrorista bat» bilakatu dela salatu du, Israelgo armadaren irratian adierazi duenez. Are gehiago, NBEk «Hamasekin batera» egiten duela lan adierazi du: «Israel Gazatik erretiratu zenetik, NBEk Hamasekin kolaboratzen du, eta idazkari nagusiak [Antonio Guterresek] berehala gaitzesten du Israel [hedabideetan] argitaratzen den guztiagatik». Guterresek Hamasek eta zenbait milizia palestinarrek iazko urriaren 7an egindako erasoa arbuiatu du hainbatetan.
Erdogan ez da izan azken orduetan NBEren aurka agertu den bakarra. Jerusalem ekialdean beste behin egin dute UNRWA NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko egoitzaren aurka. UNRWAko zuzendari Philippe Lazzarinik X sare sozialean adierazi duenez, egoitzaren inguruei su eman die gazte talde batek. Ez da lehen aldia bulego horren aurka egiten dutena. Izan ere, ostiraletik ez dabil inor bertan lanean, aurreko astean bi aldiz eraso ziotelako eraikinari.
Another arson attempt by Israeli children and young people on @UNRWA in #Jerusalem last night
— Philippe Lazzarini (@UNLazzarini) May 14, 2024
This has got to stop
(Video below from Israeli media channels) pic.twitter.com/rQWkBVUorz
GATIBUAK ERRESKATATZEA EZINEZKOTZAT JO DU ISRAELGO MINISTRO BATEK
Hamas «erabat suntsitzeko» helburuaz gain, Israelek beste asmo argi batekin ekin zion Gazaren aurkako gerrari: joan den urriaren 7an Palestinako erakunde islamistak bahitutakoak erreskatatzea. Senideek jarraitzen dute gatibuak askatzea lehenesteko eskatzen —oraintxe 132 dira—, baina, Knesseteko kide ultraeskuindar Zvi Sukkoten arabera, «ziurrenik ezinezkoa» izango da horiek guztiak salbu erreskatatzea. Ohartarazpen hori baliatu du zerrendaren aurkako ofentsibaren garrantzia azpimarratzeko: «Gatibuak aske uzteko modu bakarra da Hamasek ulertzea ez duela horiek guztiak askatzea beste aukerarik». Urriaren 7an, milizia palestinarrek berrehundik gora pertsona eraman zituen gatibu; horietatik ehun inguru aske utzi zituzten iragan azaroan, sei eguneko menia baliatuta.