AEBek barkamena eskatu diote Llamazaresi

FBIk IUko parlamentari taldeburuaren argazki bat baliatu du Osama Bin Ladenen potreta gaurkotzeko

Erredakzioa
2010eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuek Madrilen duten enbaxadako goi arduradun bat Gaspar Llamazares IU Izquierda Unida alderdiko parlamentari taldeko buruarekin harremanetan jarri zen atzo, eta barkamena eskatu zion Washingtonen izenean. Izan ere, Llamazaresen argazki bat baliatu zuten AEBek, Al Kaeda ekintzaile islamisten erakundeko buru Osama Bin Ladenen potreta gaurkotzeko.

FBIko teknikari batek du, antza, Interneten aurkitutako Llamazaresen argazki bat baliatu, Bin Ladenen aurpegia «zahartzeko». Izan ere, Al Kaedako burua bilatzeko lau haizeetara zabaldua den argazkia 1998koa da, etaAEBek gaurkotu egin nahi zuten.

Ordenagailuz eginiko potreta zahartua ez zaio arras egokia iruditu, eta FBIko teknikari bat argazki baten bila hasi da Googlen eta Llamazaresena baliatu du. Ondorioz, IUko parlamentariarekin eite handia duen argazkia plazaratu dute AEBek, Bin Ladenen egungo itxuratzat emanda, 25 milioi dolarreko bilaketa sari baten eskaintzari irudia jartzeko.

FBIko eledun Ken Hoffmanek lehenik, eta Ameriketako Estatu Batuetako agintariek gero, akatsa aitortu dute, eta ikerketa bat egingo dela agindu. Llamazaresek adierazi du asteartean jakinarazi beharko luketen ikerketa horren emaitzen zain egongo dela, gertatutakoa dela-eta auzitara jo ala ez erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.