George Bush AEBetako presidentearen babesa jaso du John McCain presidentegai errepublikanoak Saint Paulgo konbentzioko bigarren egunean. AEBek behar duten presidentea McCain dela aldarrikatu du Bushek, baina satelite bidez, Alderdi Errepublikanoaren Saint Paulgo konbentzioan zuzenean parte hartu gabe.
Zehazki, konbentzioan batutako milaka lagunek Bushen 8 minutuko hitzaldia bideo bidez jarraitu ahal izan dute. Presidenteak irudi txarra du egun AEBetako gizartean, eta McCainen aholkularien arabera, haren presentziak mesede baino kalte handiagoa egingo lioke presidentegaiari.
Nolanahi ere, erabateko babesa adierazi dio Bushek McCaini, eta Irailaren 11ko mamua astindu du haren alde egiteko: AEBek beste halako eraso bat jasatea eragotziko duen buruzagia behar dutela adierazi du, eta hori McCain dela.
Bushek ez ezik, Joe Lieberman senadoreak eta Fred Thompsonek egin dituzte McCainen aldeko hitzaldiak.
Errepublikanoen konbentzioa astelehenean hasi zen eta atzo (bart goizaldea Euskal Herrian) izan du bigarren saioa. Batzarraren xede nagusia John McCain ofizialki presidentegai izandatzea, eta, bidenabar, azaroko hauteskundeetarako tresneria abian jartzea da.
Nolanahi ere, McCain itzal samarrean izan da orain arte, Gustav urakana eta lehendakariordetarako hautatu duen Sarah Palinen 17 urteko alabaren haurdunaldia izan baitira batzarreko izarrak.
AEBetako hauteskunde prozesua
AEBek behar duten presidentea McCain dela aldarrikatu du Bushek, satelite bidez egindako hitzaldian
Irailaren 11ko mamua astindu du presidenteak presidentegaiari babesa adierazteko: halako atentaturik errepika ez dadin McCain dela hautagai egokia azpimarratu du. Honen aholkularien arabera, presidentearen parte-hartze zuzenak mesede baino kalte handiagoa egingo lioke McCaini.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu