Mairead Corrigan Maguire (Belfast, Irlanda, 1953) 1976. urtean hildako hiru haurren izeba da; liskar batzuen ondoren ihesean zihoan pistoladun batek harrapatu zituen Irlandan. Gertaera latz horrek sorrarazi zuen Community of the Peace People (Bakezaleen Elkartea). Hura sortu eta aste gutxira, ehun milatik gora lagun bildu ziren Maguire, Betty Williams eta Ciara McKeown buru zituzten elkarretaratzeetara Belfasten, Derryn, Londresen eta Dublinen. Maguirek eta Betty Williamsek Bakearen Nobel saria jaso zuten 1976an.
Bakezaleen ikurra zara. Indarkeriaren aurka borrokatu zara azken 30 urteetan. Bakearen Nobel saria jaso zenuen konpromiso horrengatik 1976an. Ipar Koreak lehen proba nuklearra egin berri du. Zer iritzi diozu?
Arma eta proba nuklear guztien kontra nago. Arma suntsitzaileak dira, eta deuseztatu behar dira. Arma horiek desagerrarazteko ardura AEBena da lehenik eta behin, potentzia nuklear nagusia ez ezik, gerran halakoak erabiltzen dituen bakarra baita herrialde hori.
Segurtasun Kontseiluak Ipar Koreari ezarritako zigorrak zer iruditzen zaizkizu?
Zigor horien guztiz kontra nago, AEBen eta NBEren hipokrisiaren adibide direlako. Diplomazia erabili eta sei aldeen arteko elkarrizketekin konprometitu beharrean, zigorrak erabiltzen dituzte,eta zigor kolektiboa dira Ipar Koreako herritarrentzat, ikaragarri sufritzen dutenentzat. Washingtonek hiru bilioi dolarreko laguntza ematen dio urtero Israeli, nahiz etaAEBetako gobernuek nazioartearen kontroletik at arma nuklearrak garatzen dituzten herrialdeei laguntzarik ematea galarazten duen Symington Akordioak. Israelek suntsipen handiko armak eta arma nuklearrak baditu, ez da arma uzterik izango Ekialde Hurbilean, herrialde arabiarrek ere horrelako armak nahiko baitituzte. NBEk fokua Ipar Korearen eta beste herrialde batzuen suntsipen handiko armetan jarri duenean agertu dira bi neurri horiek, baina ez ikusiarena egin du AEBekin, Israelekin eta Erresuma Batuarekin, besteak beste -Segurtasun Batzordeko kideak dira horiek-. Hala ere, hori guztia ez zaigu oharkabean pasatu guri, munduko herritarroi, arma nuklear guztiak uzteko, gerra amaitzeko eta herritar errugabeei zigor kolektiboak ez jartzeko eskatzen dugunoi.
Israelen izan berri zara. Israel ustez potentzia nuklear ez-ofizialetako bat da. George Bush presidenteak zergatik ez du herrialde hori «munduko bakearen eta segurtasunaren kontrako mehatxutzat» jotzen?
Aro nuklearraren hasieratik bi neurri erabili dituzte Ameriketako Estatu Batuek, herrialde batzuek arma horiek edukitzea onargarria balitz bezala, baina beste batzuk edukitzea ez. Bi neurri horiek baztertu ezean, ugaritu egingo dira arma nuklearrak. George Bushen politikari, dena den, ez zaio batere axola bi neurri erabiltzea.
Israelek arma nuklearrak dituenik ez da inoiz frogatu. Israelen izan ondoren esan zenuenez, nazioartean eztabaidatu behar da auzia. Zergatik ez da hori lehenago egin?
AEBek Israel azterketa horretatik babestu izana da arrazoietako bat. Arma nuklearren auzian bi neurri erabiltzearen zati da hori. 2004an Simon Peres Bakearen Nobel saridun goretsiarekin izandako bilera batean, galdetu nion Israelek armak zituela onartuko al zuen eta arma nuklearren ugaritzearen aurkako ituna sinatuko al zuen. Ez zuen ez berretsi eta ez ukatu Israelek arma nuklearrik zuenik. Gaur egun, bonba nuklearraren sortzaileetako bat da Israel. Mordechai Vanunu askatuko al zuen ere galdetu nion. Mordechai Vanunu Israelen traidore dela esan zidan. Israelek bonba nuklearrik ez badu, zergatik eduki dute Mordechai Vanunu Israelen preso 20 urtean, nazioaren segurtasunerako mehatxu dela esanda? Eta, lotsagarria bada ere, nazioartea isilik dago auzi horretan.
Ipar Korearen eta Israelen kasuak alderatuz gero, beren herrialdea babesteko arma nuklearrak edukitzeko eskubidea dutela diote bi gobernuek. Nazioarteko zuzenbideak eskubide hori aitortzen diela argudiatzen dute biek. Zein da aldea, orduan?
Ez dago alderik. Hipokrisia hutsa da. Israelek ez du Ipar Koreak,AEBek, Errusiak edo beste herrialdeek baino eskubide gehiago arma nuklearrak edukitzeko.
Zure ustetan, arma nuklearren aurkako ituna sinatu beharko luke Israelek. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren biltzarraren azken egunean, Kanadaren mozio batek oztopoa jarri zein dozena batetik gora herrialde arabiarri Israelek gaitasun nuklearra Ekialde Hurbileko bakearentzat mehatxua zela bozkatzeko. Washingtonen politikatik haratago al dago arazoa?
Washington ez da Israelen lagun bakarra, eta beste batzuen izenean ere hitz egin dezake.
Beraz, arazo politikoa da, antza, gobernu batek arma nuklearrak legez edo legez kanpo edukitzea?
Arma nuklearrak dituzten herrialdeek galarazi egin dute arma nuklearren inguruko itun bat, arma nuklearrak edukitzea legez kanpokotzat joko zuena, arma kimiko eta biologikoei buruzko itunek egin bezala. Hala ere, aholku-irizpen bat eman du Nazioarteko Justizia Auzitegiak, eta esan du legez kanpokoak direla nazioarteko giza eskubideak urratzen dituzten mehatxu edota erabilera nuklearrak, eta nekez imajina daiteke emaitzari hori ez lukeen mehatxu edo erabilerarik.
Nola ziurta daiteke arma horiek ez direla ugarituko?
Lehenbailehen arma horiek guztiak desegiteko konpromiso unibertsala hartuta, eta konpromiso hori benetakoa dela erakusten duten urratsak eginda. Azken hori ez da gertatu, oraindik.
«AEBek bi neurri erabiltzen dituzte arma nuklearren inguruko auzian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu