Xiiten altxamenduarekin jarraituz, atzo ere hamaika eraso eta borroka izan ziren Iraken barrena. Bai ekintzaile sunitak bai xiitak okupazio indarren kontraekiten aritu ziren egun osoan. Guztira ehunka pertsona hil dira azken egunotan, eta zauritutakoak ere ehunka dira. Okupazio indarrak gidatzen dituzten AEB Ameriketako Estatu Batuek Muktada al Sadr buruzagi xiita atxilotzen saiatu direnetik erresistentzia gogorra aurkitu dute Irakeko hiri eta auzo xiitetan. Washingtonek atzo adierazi zuen Al Sadren ekintzaileek osatzen duten Mehdiren Armada «suntsituko» dutela. Era berean, George Bushek esan zuen erasoak eraso AEBek Iraken «tinko» jarraituko dutela
AEBetako Armadak ez zuenerresistentzia sunita nahiz xiitaren kontra jo soilik orain arte xiitak ez dira armaz askorik oldartu okupatzaileen aurka; zibil irakiarrei ere eraso zieten. Atzo Falujako Abdul Aziz as-Samarrai meskitaren kontra koheteak jaurti zituzten AEBetako soldaduek, otoitzaren orduan. Ondorioz, gutxienez 45 pertsona hil eta beste 65 bat zauritu zituzten.
Erresistentzia gogorra
Inbaditzaileek erresistentzia handia aurkitu dute Falujan eta haren kontra jo eta su dabiltza, azken egunotan batez ere. Atzo goizaldean izandako borroketan gutxienez 52 irakiar hil eta 100 inguru zauritu ziren. Horretaz gain, ekintzaile irakiarrek AEBetako helikoptero bat jo eta lurreratu zuten. Biktimarik izan zenetz ez zuten jakinarazi.
Bagdad ondoko Jussifia herrian bi polizia irakiar hil zituzten atzo, ustez erresistentziako ekintzaileek. Halaber, hiriburuko Sadr City auzoan arabieraz, Madinat al Sadr lau irakiar hil eta zazpi zauritu zituzten soldadu estatubatuarrek.
Nasirian, tropa italiarrek 15 ekintzaile irakiar hil eta hainbat zauritu zituzten. Kerbalan, okupatzaileek bost erromes iraniar eta hiru irakiar hil zituzten tiroz, itxura batean errepideko kontrol bat igarota. Hiriko xiiten buruzagia ere hil zutela jakin zen geroago. Balad hirian, Bagdadetik iparraldera 100 kilometrora, ekintzaileek AEBetako soldadu bat hil zuten eta beste bat zauritu.
Bakuban ere AEBetako helikoptero bat jo zuen erresistentziak. Gainera, Washingtonen aldeko gobernadorearen bulegoari eraso zioten.Ramadin, okupatzaileen erasoetan, 16 ume eta zortzi emakume irakiar hil ziren. Herenegun hirian izandako borroketan, AEBetako 12 soldadu hil ziren.Hegoaldeko Kut hirian, 12 irakiar hil eta 20 zauritu ziren okupatzaileen eta Mehdiren Armadako milizianoen arteko borrokaldian. Mertzenario britainiar bat ere hil zen. Gainera, miliziano xiiten erasoak zirela-eta hirian egoitza zuten Ukrainako soldaduak erretiratu beharrean izan ziren.
Najafen, milizianoak soldadu espainiarren aurka aritu ziren. Ondorioz, tiroketan harrapatutako taxista irakiar bat hil zen.
Iparraldean ere izan zen erasorik. Hala, Hauijan Kirkuk ondoan zortzi irakiar hil eta 12 zauritu ziren, baita AEBetako lau soldadu ere.
Bien bitartean, Iraken den AEBetako Armadako Brigadako jeneral Mark Kimmitek atzo jakinarazi zuenez, «AEBek gidatutako koalizioak eta Irakeko segurtasun indarrek Mehdiren Armada suntsitzeko erasoarekin jarraituko dute». Gainera, Muktada al Sadr buruzagi erlijioso xiitaren «errendizioa» exijitu zuen.
Al Sadrek, bere aldetik, honelako hitzak izan zituen AEBetako buruzagientzat: «Irak beste Vietnam bat izango da, baldin eta subiranotasuna Washingtonek gidatutako okupazio agintearekin lotuta ez dauden irakiarren eskuetan jartzen ez badute».
«Izugarrizko sarraskia»
Hain justu, AEBek miliziano xiiten eta ekintzaile suniten kontra daramaten kanpainari «izugarrizko sarraskitzat» jo zuen atzo Irakeko musulman suniten buruzagi goren Harith ad-Darik.«Orain gertatzen ari dena, airetiko zein artilleriaz eta tankez eginiko bonbardaketak izugarrizko sarraskia dira», adierazi zion Al Jazeera telebistari. Ad-Darik «Nazio Batuei, mundu zibilizatuari eta arabiarrei» eskatu zien «ahotsak altxa eta eraso ikaragarri eta kriminal horiek geldiarazteko».
Ildo berean, Liga Arabiarrak NBEren esku-hartze bizkorra galdegin zuen atzo, «Irakeko egoera baretzeko eta irakiarren eskakizunei erantzuteko».
IRAKEKO OKUPAZIOA
AEBek ehunka irakiar hil dituzte, oldarraldiari aurre egin nahirik
Hainbat ekintzaile hiltzeaz gain, AEBek gutxienez 45 zibil hil dituzte Falujako meskita bat bonbardatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu