AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Japoniak elkarrekin ariketa militarrak hasi zituzten atzo, Ipar Koreak Yeonpyeong uhartea (Hego Korea) bonbardatu eta hamar egunera. Denera, bi herrialdeetako 44.000 militarrek parte hartuko dute Japoniako itsasoan hasi dituzten maniobretan. Bi herrialdeek inoiz elkarrekin egindako ariketa militarrik handiena da. Lehenbiziko aldiz, gainera, Hego Koreako militarrek begirale gisa parte hartuko dute Japoniako eta AEBetako armadek batera egindako ariketetan. Beraz, Piongiangen hiru arerio nagusiak elkar hartuta ariko diren lehenengo aldia da.
Tokiok eta Washingtonek azkenekoz 1986an egin zituzten maniobrak elkarrekin. Berri agentziek jakinarazi dutenez, Ipar Koreak Yeonpyeongi eraso egin baino lehen prestatu zituzten ariketak, eta helburutzat daukate Japoniako artxipelagoa balizko misil erasoetatik babestea. Japoniako 40 ontzi ariko dira ariketetan, eta AEBetako hogei. Horien artean egonen da George Washington hegazkinontzi nuklearra. Yeonpyeongo erasoaren ondoren, AEBek eta Hego Koreak elkarrekin Itsaso Horian egindako maniobretan egon zen ontzi hori, gatazka gunetik gertu. Iragan asteazkenean bukatu zituzten Seulek eta Washingtonek ariketa horiek. Hala ere, Seulek maniobra gehiago eginen ditu. Hego Koreako Yonhap agentziaren arabera, «beranduenez urte bukaeran» izanen direla jakinarazi du Defentsa Ministerioak. Era berean, azken egunetan Ipar Koreak ere saio militarrak egin ditu Itsaso Horian.
Tentsioa eta mehatxuak
Azaroaren 23ko erasoa gertatuz geroztik -lau lagun hil ziren-, bi Koreek sarri mehatxatu diote elkarri, eta erasorik egonez gero gogor erantzungo dutela ohartarazi diote bertze aldeari. Hego Koreako Defentsa ministro Kim Kwan-jinek, adibidez, Piongiangek berriz erasoz gero aire erasoekin erantzungo dutela ohartarazi zuen atzo.
Seulgo parlamentuan egin ditu adierazpen horiek, bere kargua berresteko egindako agerraldian. Erasoa gertatu eta hiru egunera izendatu zuten Defentsa ministro, bere aitzindariak, Kim Tae-youngek, dimititu ondoren. Piongiangi emandako erantzuna bigunegia izatea leporatu zioten herrialdeko sektore anitzek. Defentsa ministro berriak, Kim Kwan-jinek, onartu du armadak «porrot» egin duela «pertsonen bizitzak eta jabetzak defendatzeko eginkizunean».
Ipar Koreak, berriz, misil gehiago erasorako prest ditu, Yonhap agentziak dioenez. Iturri militarrak aipatuz, Yonhapek dio jaurtiketa anizdun 5.200 pieza prest dituela Piongiangek. Bakoitzak hamabi eta 22 misil artean jaurti ditzake, 60 kilometroko distantziaraino. Iturri horren arabera, Seul bonbardatzeko gaitasuna du Ipar Koreak, bien arteko mugatik 50 kilometrora baitago.
Azken gatazka lehertu zenetik, bi aldeen arteko elkarrizketaren alde agertu den ahots bakarrenetarikoa Txina izan da. Bi Koreen, Japoniaren, AEBen, Errusiaren eta Txinaren arteko bilera egitea proposatu zuen Pekinek azaroaren 28an, baina Tokiok, Seulek eta Washingtonek proposamena baztertu zuten. Hain zuzen ere, azken horiek astelehenean bilduko dira Washingtonen. Txinako Gobernuak espero du bilera horrek egoerari kalte egin beharrean «elkarrizketa sustatzea».
AEBek eta Japoniak ariketa militarrak hasi dituzte, inoizko handienak elkarrekin
Hego Koreako armadak begirale gisa parte hartuko du Tokioren eta Washingtonen maniobretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu