Afganistan

AEBek eta Talibanek akordioa itxi dute

Miliziek «murriztu» egingo dute indarkeria astebetez, eta horren ostean sinatuko dute bake akordioa. Hitzamena sinatutakoan, Washingtonek herrialdean dituen tropak murriztuko ditu.

Miliziano talde bat armak uzten, urtarrilean, Jalalabaden. GHULAMULLAH HABIBI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 17a
16:29
Entzun

Bi urteko negoziazioen ostean, amaitutzat eman dituzte AEBen eta talibanen arteko negoziazioak. Bi aldeek iragarri dute «itxi» dutela akordioa. Hilaren amaieran sinatuko dute hura —aldeek ez dute horretarako egun zehatzik jarri—, Qatarren. Baina, aurretik, azken konpromiso bat bete behar dute talibanek, zazpi egunez indarkeria «murriztea». Bi aldeek argi utzi dute ez dela su-eten bat, tarte batez eraso suizidak, suziriekin egindakoak eta errepideko konboi militarren aurkako erasoak gelditzeko akordioa baizik.

Talibanek akordioa beteko balute, lehen aldia litzateke halako zerbait egiten dutela 2001ean AEBek haien aurkako erasoaldia hasi zutenetik. Orduan agintetik kanporatu bazituzten ere, geroztik eremu ugari berreskuratu dituzte, eta baita milaka hildako eragin ere.

Hitzarmena sinatutakoan, AEBek tropak ateratzeari ekingo liokete, eta egun dituzten 13.000 soldaduetatik 8.600 inguru geratuko lirateke herrialdean «terrorismoaren aurkako misioetan». Horrez gain, Afganistango Gobernuak konpromisoa hartu du preso dituen 5.000 taliban askatzeko, eta milizianoek bahituta dauzkaten beste mila lagun inguru askatuko lituzkete.

AEBekiko akordioak sinatzeak beste bake prozesu bat ere abiatuko luke, Kabulgo gobernuaren eta talibanen artekoa. Dagoeneko zehaztu dute noiz eta non: martxoaren 10ean izango da, Oslon.

Data zehatzik ez

AEBen eta milizien arteko akordioa otsail amaieran sinatuko dela zabaldu dute talibanen inguruko hainbat iturrik. Horrek esan nahiko luke datozen egunetan «murriztu» beharko lituzketela miliziek erasoak, baina, hainbat buruzagiren arabera, gaur-gaurkoz ez dute halako agindurik jaso. «Gure buruzagiek ez digute helarazi su-eten bati buruzko mezurik», adierazi du Helmandeko miliziaren buruzagietako batek. Paktika eta Nangarharreko buruzagiek ere iragarri dute erasoak egiten jarraituko dutela aginduak jaso artean.

Bart gauean Afganistango Gobernuaren konboi bati eraso zioten miliziek, eta bost militar hil. Armadak, berriz, jakinarazi du ustez talibanenak ziren hainbat kanpaleku bonbardatu dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.