Iranek Erresuma Batuko hamabost militar atxilotu zituenetik hamar egun beteko dira bihar, eta ez dirudi auzia azkar konponduko denik. AEB Ameriketako Estatu Batuek argi utzi dute auzitik kanpo daudela. Erresuma Batua aliatua dela berretsi eta elkartasuna erakutsi dio Washingtonek. Etxe Zuriak jakinarazi du hamabost britainiarrak ez dituztela trukatukoIraken joan den urtarrilean atxilotu zituzten bost irandarrekin. AEBek Erbil hirian atxilotu zituzten bost irandarrak, Iraken menpeko Kurdistanen. Teheranen arabera, diplomazialariak dira. Washingtonek, baina, milizia xiitei banatzeko xedean herrialdera armak legez kanpo sartzea leporatzen die bost irandarrei.
Sean McCormack Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi du ez dutela trukerik onartuko. Iranek Erresuma Batuko militarrak bahitu izana gaitzetsi du eledunak. Londresi, aldi berean, sostengua agertu dio, baina argi dago ez dutela nahi bi auziak lotu daitezen. Irango Iraultzaren Zaindarien itsasoko indarrek joan den martxoaren 23an bahitu zituzten hamabost militarrak, Irakekin muga egiten duen itsas eremuan. Iranen arabera, euren itsas eremuan sartu ziren; Londresek, baina, ukatu egin du hori.
Teheranen eta Londresen arteko gatazkari irtenbide bat aurkitzeko helburuz ahalegin diplomatikoak abian jarri direla ematen du. Margaret Beckettek Erresuma Batuko Atzerri ministroak baieztatu egin du Teheranen ohar bat jaso dutela eta erantzuna ere igorri diotela. Ohar horren edukiaz ezer ez zuen argitu Beckettek. IRNA Irango informazio agentzia ofizialak, alta, testu horren edukiaren berri eman zuen. Erresuma Batuak, bertan, bermeak ematen zizkion Irani etorkizunean bere itsas eremuan legez kanpo ez zela sartuko.
Teheranek dio militarrak Chatt el Arab ibai ahoaren Irango eremuan zeudela. Londresek ziurtatu du, ostera, Irakeko aldean zirela. Bi aldeek kartak eta satelite datuak aurkeztu dituzte euren susmoak egiaztatzeko, baina horietan kokagune ezberdinak azaltzen zituzten.
Teheranekin maila goreneko elkarrizketak abian jarri direla baieztatu du Margaret Beckettek Bremen (Alemania). EB Europako Batasuneko Atzerri ministroek goi bilera egin dute han. Iranek helarazitako ohar diplomatikoa hizpide zuelarik, ministroak jakinarazi du erantzun egin diotela: «Oraintxe gara hitz egiten hasiak». Irango kazetari batek galdetu zion Becketti ea bere herrialdeko agintariei mezuren bat ematea nahi ote zuen. Hark honela erantzun zion: «Ziur nago, alde batetik zein bestetik, damu dugula egoera honetara iritsi izana, eta gatazka honetatik modu baketsuan eta ahal bezain laster atera nahi dugula. Lehenik eta behin, gure militarrak non dauden jakin nahi dugu, eta haiekin harremanak izan; oro har, haatik, auzi honi aterabide bat eman nahi diogu».
«LITEKEENA DA EPAITU DITZAGUN». Erresuma Batuaren jarreraren aldean oso bestelakoa da, baina, Iranena. Gholamreza Ansarik, Iranek Moskun (Errusia) duen enbaxadoreak,adierazpen kezkagarriak egin zizkion atzo telebista kate bati. Diplomazia arduradunak adierazi zuen litekeena dela atxilotuta dauzkaten militar britainiarrak epaitzea: «Soldadu horien aurkako auzibidea abian jarri da, eta leporatzen zaiena egiaztatzen baldin badugu, jakina, zigortuak izango dira».
Europako Batasuna kezka agertu zuen aukera hori zela eta. Margaret Beckett Erresuma Batuko Atzerri ministroak berak ere «probokatzailetzat» jo zituen adierazpenok. Errusiako telebista kateak enbaxadorearen hitzak itzultzean «okerrak» egin zituela argudiatu zuen, eta epaiketa aukera bat baino ez zela zehaztu zuen telebistak, horixe esan zuela enbaxadoreak. Erresuma Batuko militarrak atxilotu eta bi egunera, martxoaren 25ean, Irango Atzerri ministro Manusher Mottakik berak esan zuen bahitutakoak epaituak izan litezkeela, «Irango uretan legez kanpo sartzeagatik».
Irango Atzerri Ministerioak hitz gogorrez iharduki zion, halaber, Europako Batasuneko diplomaziaburuek herenegun plazaratutako jarrerari. EBko Atzerri ministroek Irani exijitu zioten britainiarrak «berehala eta baldintzarik gabe askatzeko». Teheranek «nazioarteko zuzenbidea urratu» egin duela iritzi zion EBk. Erresuma Batuko Gobernuari «erabateko sostengua eman aurretik» hark esaten duena berretsi beharko lukeela esan zion Iranek EBri: «Iranek arbuio egiten dio jarrera alderdikoi horri».
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, bestetik, 1.723 ebazpena onartu zuen herenegun, eta bertan militarren bahiketa salatzen bada ere, ez da gaitzesten. Irani militarrak askatzeko eskatzen zaio, dena den.
AEBek ez dituzte Iraken atxilotutako irandarrak britainiarrekin trukatuko
Iranek bidalitako ohar bati erantzun dio Londresek, eta «aterabide baterako aukera bat» izango dela espero du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu