AEBek amaitutzat eman dute islamistek Sinjar mendiaren inguruan ezarritako setioa, eta, aholkulari militarrek bertara egindako bidaiaren ostean, baztertu egin dute han aterpetutako errefuxiatuak erreskatatzeko "operazio berezia" egitea. Orotara 40.000 pertsona inguru daude mendian, eta aurreko egunetan haien osasun egoeraren inguruko kezka agertu dute Irakeko agintariek. Washingtonen arabera, ordea, "uste baino hobeto" daude errefuxiatuak, "bonbardaketa selektiboei eta eman diegun giza laguntzari esker".
Pentagonoak jakinarazi zuen atzo Sinjar mendian harrapatutako zibilak ateratzeko "larrialdiko operazioa" prestatzen ari zela, zeinak "pasabide segurua" irekiko zuen errefuxiatuak mendi aldetik irten ahal izateko.
Pentagonoak ia mila militar estatubatuar bidali ditu Irakera, Bagdadi "Estatu Islamikoaren aurkako borrokan laguntzera".
Irakeko giza krisia, berriz, hirugarren mailara igo du NBEk. Erakundeak uste du 1,2 milioi barne desplazatu eragin dituela azken hilabeteotako gatazkak.