AEBek, Frantziak, Belgikak eta Hego Koreak muga jarri diote uranio oso aberastuari

Erregai nuklear seguruagoak erabiltzeko eta material atomikoak babesteko borondatea agertu dute Seulen

Erredakzioa
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ikerkuntzako erreaktoreetan erregai nuklear seguruagoak erabiltzeko eta material atomikoa gehiago babesteko borondatea agertu dute Segurtasun Nuklearraren II. Goi Bileran bildutako 53 herrialdeek, Seulen. Azken adierazpenean, funtsezkotzat jo dute segurtasunaren kultura indartu eta nazioarteko lankidetza hobetzea, terrorismo nuklearra deitu diotenari aurre egiteko. Halaber, AEBek, Frantziak, Belgikak eta Hego Koreak ikerkuntzako erreaktore nuklearretan uranio oso aberastuaren ordez hain aberastua ez den dentsitate altuko uranioa erabiltzeko konpromisoa hartu dute, Yonhap berri agentziak jakinarazi duenez Washingtongo eta Seulgo iturriak aipatuta.

Alor militarrean uranio oso aberastua eta plutonioa erabiltzen jarraituko duten arren, erabilera zibilean «segurtasun nuklearreko helburuak lortzeko konpromiso irmoa» agertu dute lau herrialde horiek. Eta oso uranio aberastua ordezkatzeko «informazio garrantzitsua» beste herrialdeekin partekatzeko asmoa ere azaldu dute.

Seulen bildu diren 53 herrialdeek egin dute 2013rako uranio oso aberastua gutxiago erabiltzeko deia, baina Segurtasun Nuklearraren Goi Bilerako erabakiak ez dira bete beharrekoak, eta zer neurri hartu herrialde bakoitzaren mende geratzen da. «Terrorismo nuklearra» mundu osoaren segurtasunerako arriskurik handienetakoa dela iritzita, segurtasun neurriak gogortu, material nuklearren garraioa gehiago zaindu eta legez kanpoko trafikoa borrokatzeko borondatea ere agertu dute. Eta, 2010ean Washingtonen egin zen lehen bilkurari jarraiki, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak alor horretan duen garrantzia nabarmendu dute Seulen. Hurrengo goi bilera Herbehereetan egingo dute, 2014. urtean.

Ipar Korea eta misilen ezkutua

Seulgo goi bileran, batzar nagusitik kanpo, Ipar Korearen programa nuklearra izan da aurrez aurreko bilkuretako gai nagusia. Baina Piongiangek ohartarazia zuen hari buruzko edozein adierazpen «gerra deklaraziotzat» hartuko zukeela, eta azken adierazpenean ez dute aipatu. AEBek eta Hego Koreak gogor gaitzetsi dute komunikazio satelite baten aitzakian irismen luzeko misil bat aireratzeko asmoa. Kezka agertu dute Errusiak eta Txinak ere, baina Ipar Koreak atzo berretsi zuen jaurtiketa egingo duela, apirilean.

AEBek eta Errusiak misilen aurkako ezkutuaz ere hitz egin dute Seulen. Barack Obamak Dmitri Medvedevi agindu zion «malgutasuna» zertan den martxoaren 18 eta 19an ikusiko da, AEBetako gobernuburua eta Vladimir Putin Errusiako presidente hautatua G-8koen bileran elkartzen direnean, Camp Daviden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.