AEBetako eta Afganistango buru militarrek «erabaki okerrak» hartu zituzten Pakistanen joan den azaroaren 26an, ustez soldadurik ez zegoela-eta Afganistango muga bonbardatu zutenean.24 soldadu pakistandar hil zituzten, eta are gehiago tenkatu Islamabaden eta Washingtonen arteko harremana. Orain, ikerketaren emaitzak eman ditu Pentagonoak gertatutakoaren inguruan, eta ondorioztatu du ez zela Pakistango armadari propio erasotzeko asmorik egon. «Hutsak eta gaizki ulertuak» onartu ditu, ordea.
Ikerketan azaldu dutenez, lehen bonbardaketaren ondoren konturatu ziren egindako hutsaz, eta muga koordinatzen duten Pakistango militarren ordezkariei informazioa gaizki eman zietela ondorioztatu dute, inplikatuen artean egindako 60 elkarrizketei eta momentuan grabatutako dokumentuei esker. Erasoaren egunean okertu ziren, baina ez horretan bakarrik: mapetako informazioa ez zen zuzena, eta Pakistango tropen kokaguneari buruz informazio onik ez zuten. Koordinaziorik ezak eragindako gaizki-ulertuengatik hil ziren soldaduak, Pentagonoaren arabera.
Afganistango gerran ez da izan bi aliatuen artean joan den azaroaren 26koaren moduko hilketarik. Osama Bin Ladenen hilketaren ostean Pakistanen eta AEBen arteko harremanak aspaldiko okerrenak direnean etorri izana susmagarria izan da Pakistanentzat; salatu du «aurrez ongi eta propio» pentsatutako erasoa izan zela AEBena.
«Konspirazioa»
Pakistango gobernuaren eta armadaren arteko harremanak ere ez dira onak gaur egun, neurri handi batean AEBekiko jokabidearen ondorioz. Armadak aspaldian altxa du eskua, gobernuari AEBei laguntza ukatzeko ordua dela esateko. Ustez armadak eman nahi zuen estatuko kolpearen berri Pentagonoari emateagatik deklaratu beharko du Asif Ali Zardari presidenteak. Yusuf Raza Guilani lehen ministroarentzat «konspirazioa» dago gobernuaren kontra, baina armada haren menpe dagoela gogorarazi du.
AEBek «hutsak» aitortu dituzte Pakistango 24 soldaduen hilketan
Ikerketan Pentagonoak esan duenez, ez da propio egiteko asmorik egon; koordinaziorik eza izan da arrazoi nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu