AEBek inoiz baino arma gehien saldu zuten iaz

Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Oman izan dira Washingtonen arma erosle nagusiak

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbilean duten ezegonkortasunari etekin ekonomikoa atera diote AEBek. 2011n inoiz baino arma gehiago saldu zituen Washingtonek, The New York Times egunkariaren arabera. Urtebetean 53.000 milioi euroren irabaziak lortu zituen munduko hainbat herrialdeari armak salduta, 2010ean baino hiru aldiz gehiago.

Ekialde Hurbilean izan dituzte erosle garrantzitsuenak AEBek. Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Omanek erosi dizkiete arma gehien; Etxe Zuriak Persiar golkoan dituen aliatuek, hain zuzen. AEBetako Ordezkarien Ganberako Ikerketa Batzordearen azken txostenak bildu ditu datuak.

Saudi Arabiari saldu diote arma gehien, eta 26.700 milioi euroren irabaziak lortu. Washingtonek inoiz sinatutako itun militar handiena izan da. Arabiar Emirerri Batuak dira arma erosle handienetan bigarrenak: 3.500 milioi euroko salmenta. Salerosketa handietan hirugarrena Omanekin egin du: 1.118 miloi irabazi ditu.

Batez ere, misilen sistema berrienak eta azken teknologiadun gerra hegazkinak saldu dizkiete AEBek. Aditu skoren ustez, Irango programa nuklearraren harira piztutako balizko mehatxuaren beldurra dago Persiar golkoko herrialdeen erosketen atzean.

Errusia, bigarren

Washingtongo Kongresuko txostenaren arabera, munduko arma merkatuaren %78 diraAEBen esportazioak. Arma saltzaileen potentzia nagusien artean bigarren geratu da Errusia, 3.800 milioi euroren irabaziekin. Azken aldiz, 2006an saldu zituen Moskuk Washingtonek baino arma gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.