Donald Trump AEBetako presidentearen arabera, zigorrekin "moztu" egingo dituzte Ipar Koreak dituen iturriak programa nuklearra eta armada finantzatzeko, eta horientzat erregaia lortzeko. Enpresa eta itsasontzi horien egoitza duten herrialdeen artean daude Txina, Taiwan, Panama eta Tanzania. "Presidenteak argi utzi die munduko konpainiei Ipar Korearen anbizio nuklearrak finantzatzen laguntzen badute, ez dutela negoziorik egingo Estatu Batuekin", adierazi du Steven Mnuchinek, Altxor idazkariak.
AEBek neurri hori jakinarazi dute Hego Korea eta Ipar Korea harreman diplomatikoak hobetzeko ahalegin bat egiten ari diren bitartean, Hego Korean jokatzen ari diren Neguko Olinpiar Jokoen harira. Gaur bertan, Ipar Koreak jakinarazi du goi-mailako ordezkaritza bat bidaliko duela jokoen amaierako ekitaldira, datorren igandean. Kim Yong-chol jenerala ordezkaritza horretan joango da, eta Hego Korean eztabaida handia sortu du, 2010ean Hego Koreako gerraontzi bat hondoratzeko agindua eman izana leporatzen baitiote —46 militar hil zituzten—.