AEBek iragarritako tropen erretiratzea atzeratu egin dezake Rabbaniren hilketak

Ehunka lagun atera dira kalera, hilketaren aurka protesta egiteko; Karzai Afganistanera itzuli da, eta dolua ezarri du

2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«AEBek Afganistani laguntzen jarraituko dute, Rabbani hil duten arren», adierazi du Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Dena den, denbora bukatzen ari zaio Obamari; 2014. urterako tropa guztiak atera nahi ditu Afga- nistandik —101.000 soldadu daude—, baina herrialdean bakea bermatu nahi du lehenik. Burhanuddin Rabbaniren hilketa, ordea, atzerapauso handia izan da. Joan den astean AEBen enbaxadari eraso egin zieten Kabulen, eta Rabbaniren aurkako erasoaren ondoren, agerian geratu da AEBek porrot egin dutela talibanek bake prozesurako negoziazioetan parte hartzeko ahaleginetan. Esku artetik ihes egiten ari zaio Obamari Afganistango gatazka, eta, datozen bozetarako urtebete falta den honetan, azkenaldiko erasoek mesede baino kalte gehiago egingo diote.

Asteartean hil zuten Rabbani, 1993tik eta 1996ra Afganistango presidentea izandakoa. Iaztik, Bake Kontseiluaren burua zen, eta talibanen eta gobernuaren arteko bitartekaritza lanak egitea zen haren lana; funtsean, talibanek bake prozesuaren negoziazioetan parte hartzea da Kontseiluaren helburua, 2014an nazioarteko tropak herrialdetik erretiratu ahal izateko. Dena den, urtebete honetan Bake Kontseiluak ez du aurrerapausorik lortu, eta haren irudia sinbolikoa baino ez da. Izan ere, AEBek gogortu egin dituzte talibanen aurkako operazioak, nahiz eta haiekin negoziatu nahi dutela dioten.

Poliziak talibanei egotzi die hilketa, eta erasoa haien gain hartu zutela zabaldu zuen atzo Afganistango telebista kate batek. Zabiula Mujahid talibanen bozeramaileak, ordea, gezurtatu egin du informazioa. Aitzitik, kasua aztertzen ari direla esan du Mujahidek, hilketaren nondik norakoak argitzeko.

AEBek ere talibanei egotzi diete erasoa, Pakistango Hakkani sareari zehazki. Hala, Washingtonek ohar zuzena bidali dio Islamabadi, Hakkani sarearekin dituen harremanak eten, eta buruzagiak harrapatzen laguntzeko eskatuz. «Pakistanek egin beharrekoa egiten ez badu, alde bakarreko erabakiak hartuko ditugu», adierazi dute AEBek. Izan ere, Rabbaniren hilketak ezustean harrapatu du Washington, eta aurrerantzean talibanen aurkako presioa are gehiago handituko dutela iragarri du Hillary Clinton AEBetako idazkari nagusiak. «Afganistani lagunduko diogu eraso koldar hau egin dutenak harrapatzen, ondoren justiziaren aurrera eramateko».

Hiru eguneko dolua

Ehunka lagun kalera atera dira Kabulen Rabbaniren hilketaren aurka protesta egiteko; haren etxe aurrean bildu dira. Izan ere, etxean hil zuten. Antza denez, Rabbanirekin hitzordua zuen lagun bat haren etxera joan zen, eta, atea ireki zionean, durbantean ezkutaturik zuen lehergailua eztandarazi zuen. Sei lagun hil zituzten guztira.

Hamid Karzai Afganistango presidentea, berriz, herrialdera itzuli da New Yorketik, eta hiru eguneko dolua ezarri du. BBC katearen arabera, oihal beltzak zabaldu dituzte kalean. Polizia, berriz, autoak miatzen ari da. Segurtasun neurri handiak hartu dituzte, handik gertu AEBetako enbaxada baitago. Joan den astean bertan, eraso egin zioten eraikinari.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.