PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren jarduera gertutik kontrolatzeko batzordea eratu dute Irakek, Turkiak eta Ameriketako Estatu Batuek. Ali al Dabag Bagdadeko gobernuko bozeramailearen hitzetan, sortu berri dute batzordea gerrillariek Turkiako eta Irakeko segurtasuna mehatxatzen duten aztertzeaz arduratuko da. Halaber, bai Turkiaren menpeko Kurdistanen (Ipar Kurdistan) bai Iraken menpeko Kurdistanen (Hego Kurdistan) eraso gehiago egin ez ditzaten neurriak hartuko dituzte. Finean, PKKri aurre egiteko lankidetza indartzean adostu dira hiru herrialde horiek.
Barack Obamak AEBetako presidentetzarako bozak irabazi zituenetik badirudi PKKri aurre egiteko Washingtonek eta Ankarak euren arteko lankidetza indartzeko asmoa dutela. Batzordearen eratzea horren erakusle da.
Gatazkak, baina, ez du etenik Turkiaren eta PKK-ko gerrillarien artean. Atzo bertan, soldadu bat hil eta gutxienez bederatzi polizia zauritu zituzten bi erasotan, Ipar Kurdistanen.
Bestalde, Iranen menpeko Kurdistanen PEJAK Bizitza Librerako Irango Alderdi Kurduko «hainbat kide» hil dituztela eman du aditzera Demijad aiatolak, Kermansha probintziako buruzagiak. PKKren adarra da PEJAK, eta Irango Gobernuak Israelen eta AEBen «mertzenario» izatea leporatzen dio. «Iranek ez du onartzen desegindako talde armatu iraultzaileen presentzia», adierazi du Demijad aiatolak.
AEBek, Irakek eta Turkiak batzorde bat sortu dute PKKri aurre egiteko
Turkiako soldadu bat hil eta gutxienez bederatzi polizia zauritu dituzte gerrillariek Ipar Kurdistanen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu