Ekialde Hurbila

AEBek Iranen babespeko miliziei eraso die

Hiru bonbardaketa egin dituzte Siria eta Irak arteko mugan, Pentagonoaren esanetan. Horietan, gutxienez zazpi lagun hil dituzte. Eremuko segurtasuna «asaldatzea» leporatu dio Teheranek Washingtoni.

AEBek otsailean eginiko erasoen ondorioak. MAXAR TECHNOLOGIES / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 28a
13:00
Entzun

Hainbat milizien «arma biltegien» aurkako aire erasoak egin dituzte AEBek, Siria eta Irak arteko mugan. Pentagonoko bozeramaile John Kirbyren esanetan, Iranek babestutako talde armatuak dira, AEBek «eremuan dituzten tropen aurkako erasoak» egin dituztenak. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez zazpi lagun hil dituzte hiru bonbardaketetan, eta beste asko «larri zauritu». SANA albiste agentziak, berriz, adierazi du haur bat ere hil dutela.

Kirbyren arabera, AEBetako presidente Joe Bidenek eman zuen erasoa egiteko agindua. Adierazi du, gainera, bonbardaketa «zehatzak» izan direla: bi, Deir ez-Zor probintzian, Abu Kamal hiritik (Siria) gertu, eta hirugarren bat, mugaren beste aldean, Irakeko Anbar probintzian. Posizio militarrak zirela azaldu du Kirbyk, besteak beste, Kataeb Hezbollah eta Kataeb Sayyid al-Xuhada milizienak —Iraken ekiten dute, nagusiki—.

Ez da Biden Etxe Zurira iritsi zenetik egin den gisa bereko lehen erasoa. Otsailean ere hainbat miliziaren aurkako bonbardaketak egin zituzten, eta gutxienez hogei lagun hil. AEBek 2.500 soldadu inguru dituzte eremuan, eta iaz 40 eraso inguru jasan zituzten, Pentagonoak azaldu duenez. Horietako hainbat «Iranek babestutako miliziek droneekin» eginak. Horien ordaina lirateke bi erasoak.

Bonbardaketak jasan dituzten hainbat milizia Haxed al-Xaabi koalizioko kideak dira. Talde hori EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ari da lanean 2016tik, besteak beste, Irakeko armadarekin elkarlanean. Koalizioko kideetako batek, Kataeb Sayyid al-Xuhadek, iragarri du AEBekiko mendekua hartuko dutela: «[Irakeko] Komandantzia Nagusiaren seinale bat espero dugu erantzuteko».

Era berean, Ekialde Hurbileko segurtasuna «arriskuan» jarri izana leporatu dio Teheranek Washingtoni. Hala, salatu du Irak eta Siria arteko mugan eginiko erasoak «bide okerretik» doazela. «AEBak eremuko segurtasuna asaldatzen ari dira, eta bera izango da segurtasun ezaren biktimetako bat», adierazi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Said Jatibzadehk.

Akordiorik eza

Ikusteko dago erasoek eraginik izango ote duten akordio nuklearraren etorkizunari dagokionez. Izan ere, ostiralean mahaian esertzeko pausoak emateko exijitu zioten AEBek eta Frantziak Irani. Horretara iristeko oso bestelako ikuspegiak dituzte, baina, bi aldeek. Washingtonek ezinbestekotzat jo du Iranek garapen nuklearra bertan behera uztea akordio bat negoziatzen hasteko. Teheranek, berriz, elkarrizketak hastea beharrezkotzat jo du bestelako pausoren bat emateko.

Bide horretatik, Jatibzadehk adierazi du gobernuak ez duela erabaki IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskapen gehiago jasotzea onartuko ote duen. Bi erakundeen arteko akordioa hilaren 24an amaitu zen, eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak hura luzatzeko eskatu arren, hainbat xehetasun argitzeko beharra nabarmendu du Teheranek; besteak beste, inspektoreek erakundeari bideo eta irudirik ez bidaltzea, AEBek Irani ezarritako zigor ekonomikoak martxan dauden bitartean.

Iranen, gainera, indar hartu dute akordio nuklearraren aurkako ahotsek. Hassan Rohani presidenteak laster utziko du kargua, eta Ebrahim Raisi kontserbadoreak hartuko du haren lekua, bozak aise irabazi ostean. Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibafek argi utzi ditu aliantza kontserbadorearen asmoak. Hark adierazi du akordioa amaierara iritsi dela, eta, beraz, ez dela irudirik emango.

Litekeena da horrek Vienan martxan diren elkarrizketak zailtzea. Han ari dira biltzen alde guztiak, 2015ean adostutako akordio nuklearrera itzultzeko. AEBek 2018an utzi zuten hura, Donald Trump boterean zela. Bidenek, baina, nazioarteko afera garrantzitsuenetako bat zela adierazi zuen hauteskunde kanpainan. «Interes nazional bat dugu arazo nuklearra berriz ere bideratzen saiatzeko», gehitu zuen oraintsu Anthony Blinken Estatu idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.