NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan mintzatu da gaur Donald Trump AEBetako lehendakaria. Bezperan erakundearen batzar nagusian egin bezala, Irani zigor ekonomikoak ezartzen jarraitzea, eta haiek are "gogorragoak" izatea defendatu du. Eta, bide batez, mundu guztia, baina batez ere segurtasun kontseiluko gainontzeko kideak aurrez aurre mehatxatu ditu, esanez AEBek Irani jarritako zigorrak betetzen ez dituztenek "ondorio larriak" jasango dituztela.
Parean zituen segurtasun kontseiluko beste lau estatu kide iraunkorretako ordezkariak —Frantzia, Errusia, Erresuma Batua eta Txina—. "Desastre hutsa" dela iritzita, 2015ean Iranekin sinatutako itun nuklearretik atera zuen bere herrialdea Etxe Zuriko maizterrak, pasa den maiatzean. Beraz, Irani zigorrak berrezarri zizkion abuztuan.
Errusia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Txina dira akordioaren gainontzeko sinatzaileak, eta, herenegun, batere gustatu ez zitzaion albiste bat eman zioten Trumpi. Iranekin negozioak egiten segitu nahi duten enpresek AEBen zigorrak pairatu ez ditzaten, ordainketa sistema alternatibo bat hitzartu dute herrialde horiek. Hori dela eta, "erabateko desengainatua hartuta" dagoela nabarmendu zuen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak, atzo goizaldean.
Trumpek Emmanuel Macron hartzen du EB Europako Batasuneko solaskidetzat, baina, hitza hartu zuenean, Frantziako presidentea kritiko agertu da Etxe Zuriarekin jarrerarekin: "Uste dut epe luzerako estrategia bat egin beharko genukeela elkarrekin, eta auzia ez dela konpontzen zigorretara mugatuz".