Oihala igotzen da, eta maskara jantzita duen buztinezko gerlari baten Lego moduko figura bat agertzen da, Txina ordezkatzen. Beste aldean, Askatasunaren estatua moduko bat AEBen ikur gisa. Bien arteko elkarrizketa sortzen da, koronabirusaren izurritearen inguruan.
Urtarrila
Txinak: «Birus berri bat aurkitu dugu».
AEBek: «Eta zer?».
Txinak: «Arriskutsua da».
AEBek: «Gripe bat besterik ez da».
Txinak: «Jantzi maskarak».
AEBek: «Ez jantzi maskararik».
Txinak: «Geratu etxean».
AEBek: «Hori giza eskubideen aurkakoa da».
Bideoan txinatarrak jarraitzen du ohartarazten izurriaz, baina estatubatuarrek hasieran garrantzia kentzen diote egoerari, eta, gero, ohartarazi ez izana egozten diete. Etxe Zuriaren kontraesanak nabarmentzen dituzte animazioaren egileek. Halako batean, estatubatuarrek esaten dute: «Birusa ez da arriskutsua. Baina milioika txinatar hil dira».
Bideogileek salatzen dute AEBk Osasunaren Munduaren Erakundeari diru ekarpena kenduko diotela iragarri izana, Txinaren aldera lerratzea leporatuta, eta izurriaren garrantzia ezkutatu izana egotzita.
Umorea da, baina serioa izan da azken egunetan Washingtonen eta Pekinen arteko salaketa trukea. Donald Trump AEBetako presidenteak joan zen ostegunean esan zuen uste zuela birusa Txinako laborategi batean sortu zutela. Elkarrizketa batean gaineratu zuenez, Pekinek izurriaren kudeaketarekin erakutsi du edozein gauza egiteko prest dagoela berak azaroko bozak gal ditzan. Agintean segitzea jokoan du Trumpek hauteskundeetan.
Legok ere hitz egin behar izan du. Animazioarekin zerikusirik ez duela adierazi du prentsa ohar baten bidez.
Joan zen larunbatean jarri zuten bideoa Youtuben, eta biral egin da. Lerrook idazteko orduan, ia 200.000 ikustaldi izanak zituen.