"Data hori aztertzen ari garen aukeretako bat da, baina marineen segurtasuna eta han lan egin edo bisita egiten dutenena lehentasunezkoa da", adierazi dio USA Today egunkariari Steve Goldsteinek, AEBen Diplomazia eta Gai Publikoetarako idazkariordeak. Associated Press agentziaren arabera, berriz, Etxe Zuria Sheldon Adelson enpresari aberatsarekin negoziatzen ari da enbaxada mugitzeko gastuak bere gain har ditzan.
Donald Trump AEBetako presidentea CPAC Ekintza Politiko Kontserbadorearen Konferentzian mintzatu da enbaxadaren auziaz, eta, data aipatu ez badu ere, harro agertu da Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartzeko erabakia hartu izanarekin. "Beste herrialde batzuek esan zidaten: 'Ez ezazu egin, ez ezazu egin'. Baina egin nuen".
Mike Pence AEBetako presidenteordeak joan den urtarrilean bidaiatu zuen Israelera, eta hango parlamentuan esan zuen enbaxada 2019a bukatu aurretik mugituko zutela Tel Avivetik Jerusalemera.
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak haserre erantzun du AEBen asmoen berri jakin duenean. "Bi estatuen konponbidearen aukera suntsitzen du, eta probokazio bat da arabiarrentzat", adierazi du Saeb Erekat bozeramaileak.
Trumpek iazko abenduaren 6an jakinarazi zuen Jerusalem Israelgo hiriburutzat onartuko zutela, eta enbaxada hara mugituko zutela. Protesta olatu bat sortu zuen horrek Palestinan, eta, ordutik, Israelgo indarrek hogeitik gora palestinar hil dituzte manifestazio eta mobilizazio horietan.