Ehizatutako elefanteen trofeoak inportatzeko baimenak ematen hasiko da AEBetako gobernua, Arrantza eta Bizitza Basatiko Zerbitzuaren webgunean jaso duenez. 2016ko urtarrilaren eta 2018ko abenduaren bitartean ehizatutako elefanteen trofeoei eragingo die neurriak.
AEBetako Gobernuak nabarmendu duenez, kirol ehizak lagundu dezake zenbait espezie babesten, jarduna legezkoa denean eta era egokian araututa dagoenean. Gobernuaren esanetan, ehizak "espeziea iraunarazteko pizgarriak" eskain ditzake.
Elefante afrikarra desagertzeko arriskuan den espezie gisa sailkatuta dago AEBetan; hala ere, elefanteekin egindako trofeoak inportatzea bainmendu dezake gobernuak, jarduera hori espeziearen iraupenerako onuragarria dela irizten badio.
Wayne Pacelle animalien defentsarako Humane Society elkarteko presidenteak adierazi du "zentzugabea" dela Zimbabwek esatea gai dela defendatzea elefanteen ehiza eta babesa era egokian kudeatzeko, herrialde horretako egoera politiko nahasia dela eta. Pacelleren arabera, elefante kopuruak %6 egin du behera Zimbabwen 2001. urteaz geroztik. Horrez gain, ziurtatu du legezko ehiza baimentzen den tokietan legez kanpoko ehiza ere handitzen dela.
Zambiako egoeraz ere ohartarazi du Pacellek. Haren esanetan, herrialdeak 200.000 elefante inguru zituen 1972an; 21.000 ziren iaz.