Ameriketako goi bileraren agenda ofizialean pobrezia eta ezberdintasun soziala, hondamendiak, segurtasunik eza, merkataritza harremanak edota teknologia berriak ageri dira, baina agendatik kanpo dauden bi gaik markatuko dute gaurko eta biharko jarduna Kolonbian: Kubak eta narkotrafikoak. Barack Obamak argi utzi du castrotarren ondoan ez diotela argazkirik aterako, eta Latinoamerikako ordezkari gehienek euren haserrea islatuko dute bileran. Herenegun eta atzo jadanik bilera aurretiko foroetan eztabaidatu zuten gaiaz, eta hainbat herrialdetako ordezkarik proposatu zuten Maria Angela Holguin Kolonbiako kantzilerrak Raul Castro gonbidatzea gaur Cartagenara, 34. presidentea izateko goi bileran.
Baina AEBen erabakia da, eta Kubak ez dituela arau demokratikoak betetzen arrazoitu du Etxe Zuriak Habanari betoa ezartzeko orduan. Barack Obama presidentetzarako hauteskundeen kanpainan bete-betean sartua da, eta urteetako etsaiarenganako gertutasun izpirik ere erakustea ez zaio komeni.
1959ko iraultzaren ondoren kanporatu zuten Kuba AEE Amerikako Estatuen Erakundetik, eta ordutik ez da egon erakunde horrek antolatutako goi bileretan. Duela hiru urte, Trinidad eta Tobagon egindakoan, hura Kubarik gabeko azkena izatea eztabaidatu zuten; Obama fresko zegoen orduan, eta haren aldatzeko gogoan esperantza jarria zuten Latinoamerikan, baina hiru urtera, egoerak berdin jarraitzen du, nahiz eta ALBA Amerikako Herrialdeen Aliantza Bolivartarreko ordezkariak azken unera artesaiatu diren aldatzen. Beste behin, Washingtonen nahia nagusitu da, eta Ekuadorko presidente Rafael Correak izan ezik, boikota egitea erabaki baitu, gainerako presidenteek joatea erabaki dute. Boikota denek izan dute ahotan, baina azkena izan dadila esatera joatea erabaki dute. Hugo Chavez joango den zalantzak izan dira azkenera arte, gaixo dagoelako, baina hantxe izango da, eta Kubari buruzko eztabaida erdi-erdian jartzeko asmoz.
AEBen eta Kubaren artean aukeratu behar eta, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek, bileraren herri hartzaile gisara, Raul Castrori zuzenean eman zion erabakitakoaren berri Habanan, baina agindu zion bere esku dagoen guztia egingo duela Cartagenakoa Kubarik gabeko azken bilera izan dadin. Mexikoko Felipe Calderonek berak ere gaitzetsi du AEBen bahimendua Habanara egin duen bidaian. AEBek ez bezala, Mexikok gainditutzat jo ditu Vicente Fox presidentearen garaiko tentsioak. Hamar urte dira Mexikoko presidenterik ez dela izan Habanan.
Kubak, berriz, argi dauka AEBekin ez duela zereginik. Washingtonen jarreraren berri izan zuenean, honela erantzun zuen Raul Castro presidenteak: «Betoak, beste behin, erakusten du AEBetako agintariek ez dutela borondaterik hegoaldeko bizilagunekin harremana izateko, eta ezta gureganako politika erasokorra aldatzeko ere. Berean jarraituko dute». Obamak eta Hillary Clinton Estatu idazkariak hitz egingo dute Kubaz, eta zer esango duten ikusmin handia eragin du.
Drogen legeztatzea
Narkotrafikoa, Kuba bezala, ez dago goi bileraren agendan, baina gaur egun Latinoamerikako buruzagien buruhausterik handiena dela-eta horretaz hitz egitea erabaki dute. Barack Obamak, azkenean, onartu du gai horretaz hitz egitea, hori ere gai labankorra izango den arren, bere jarrerak ez baitu bat egiten ia gainerako guztiekin, eta drogak legeztatzeko Otto Perez Molina Guatemalako presidenteak egindako proposamena jarriko baita mahai gainean. Gai hori, ordea, presidenteek bilera itxian eztabaidatuko dute.
Narkotrafikoaren kontrako borrokak porrot egin duela eta, irtenbidea drogen produkzioa, salmenta eta erabilera legeztatzea dela ondorioztatzen du Perez Molinak bere txostenean, baina arau batzuen barruan egingo litzateke legezko: «Tabakoarentzat eta edari alkoholdunentzat arauak baditugu, zergatik ez gauza bera egin drogekin?».
Ez da akordiorik espero gaiaren gainean, baina, adituen ustez, Guatemalako proposamenak aro berri bat zabaldu du, eta Mexikoko edota Kolonbiako presidenteen sostengua dauka. Juan Manuel Santosek esana da: «Munduak irtenbidea drogak legeztatzea dela uste badu, nik txalotu egingo dut».
Obamak ez du legeztatzea defendatzen, baina «eztabaidatzea bidezkoa iruditzen zaio», Dan Restrepo Etxe Zuriak Latinoamerikari buruz duen aholkulariak esan duenez. AEBetako presidenteak, baina, Kuba eta narkotrafikoa ez diren beste gai batzuetan jarria du interesa. Trinidad eta Tobagoko bileraz gero, Latinoamerika ez da AEBen agendan egon; beste lehentasun batzuk izan ditu, baina Txinak jan dion merkatua ez du gehiago galdu nahi. Pekin da gaur egun, besteak beste, Brasil, Txile eta Peruko bazkiderik indartsuena, eta Argentinan eta Kolonbian AEBen atzetik oso gertu jarri da.
Gaur egun, ordea, garapen bidean dauden herrialdeak erakargarri bilakatu dira inbertsioak egiteko, eta Obamak ez du aukera hori galdu nahi.
AEBek Kubari jarritako betoaz eztabaidatuko dute Kolonbian
ALBAko kideek Washintongen erabakia gaitzetsi, eta Kubarik gabeko Ameriketako azken goi bilera izan dadila eskatuko duteNarkotrafikoaren legeztatzea ere eztabaiden erdigunean jarriko dute 33 presidentek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu