Afganistango Kunduz hiriko ospitalea suntsitu dute AEBek bonbardaketa batean, eta gutxienez hamasei lagun hil dituzte. Horietatik bederazi MSF Mugarik Gabeko Medikuen kideak dira. Halere, litekeena da orduak aurrera egin ahala hildakoen kopuruak gora egitea; 30 lagun desagertuta daude, eta ez dute ospitaleko pazienteen hildakoei buruzko zehaztapenik eman. Zeharka bada ere, AEBetako armadak onartu du erasoa egin izana. Brian Tribus Pentagonoko ordezkaria: "Aire erasoak albo kalteak eragin ahal izan ditu Kunduzko osasun zentroren batean". Afganistango Gobernuak erasoa defendatu du. " Lazgarria da MSFko medikuak hiltzea, baina talibanak ospitalean gorde dira", adierazi du Kabuleko bozeramaile Seddiq Seddiqik.
Astelehenetik borroka gogorrak izan dira Kunduzen Afganistango segurtasun indarren eta talibanen artean, eta AEBek aire erasoekin babestu dute armada. Talibanek Kunduz hiria bere egin zuten aste hasieran, 2001urtean boterea galdu zutenetik garaipen militar nabarmenena lortuta. Kabulen arabera, herenegun hiriaren kontrola berreskuratu zuten, baina talibanek auzo batzuei eutsi diete, eta borroka gogorrak izan dira.
MSFek adierazi du hainbatetan ohartarazi diela gatazkako aldeei —NATO eta AEBei barne— ospitalearen kokapena. Azken aldiz irailaren 29an, Kunduzeko borrokaldia hasia zegeoenean. Probintziako ospitale nagusia da, eta gaixo larrienak hartu ditzakeen bakarra.