AEBek Pakistanen zazpi lagun hil dituzte aire eraso batean

Asteburuan zortzi zibil hil dituzte Afganistanen piloturik gabeko hegazkinen eraso batean, tartean sei adingabe

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Pakistanen, Afganistango mugatik gertu, erasoaldia egin dute AEBek piloturik gabeko hegazkinekin, eta gutxienez zazpi lagun hil dituzte. Agintariek jakinarazi dute etxe bat eta ibilgailu bat erabat kiskali dituztela, eta ez dute argitu hildakoak talibanak ziren edo ez. Azken astean hogei lagunetik gora hil dituzte AEBetako droneek Pakistanen eta Afganistanen, ekintzaile talibanak nahiz zibilak.

Larunbatean, hain justu, NATOren misioko hegazkin batek misil bat jaurti zuen Afganistango etxe baten kontra, eta bertan bizi ziren zortzi lagun hil zituen. Horietako sei adingabeak zirela salatu dute lekuko agintariek. Aliantzak dio gertakaria ikertzen ari dela, eta ez du bestelako azalpenik eman. Zibilen hilketek, hain zuzen ere, Kabulen eta Washingtonen arteko harremanak zaildu dituzte azken hilabeteotan. Maiatzaren hasieran bertan, AEBek hainbat zibil hil ondoren, Hamid Karzai presidenteak zibilen aurkako bonbardaketak salatu zituen, eta Afganistango subiranotasuna urratzea egotzi zion NATOri. Orduan, ultimatuma igorri zion aliantzari. «Ezin dugu gehiago onartu». Dena den, AEBek piloturik gabeko hegazkinekin erasoak egiten jarraitu dute, eta azken asteotan areagotu egin ditu.

NATOren biktimak

NATOko bi soldadu hil ziren atzo Afganistanen helikoptero batek lurra jo ondoren. Aliantzak ikerketa abiarazi du, baina, lehen datuen arabera, ukatu egin du gertakaria «etsaien ekintzaren» ondorio izan dela. Igandean, berriz, beste lau soldadu hil ziren herrialdearen hegoaldean, hainbat leherketatan. Erasoak hainbat ingurutan jazo direla adierazi dute. NATOk, dena den, ez du argitu nongoak ziren hildako soldaduak.

Herrialdearen hegoaldean eta ekialdean dute indar gehien taliban matxinoek, eta nazioarteko tropen aurkako eraso gehien ere bertan egiten dute. Urte hasieratik atzerriko 165 soldadu hil dira Afganistango lurretan, Icasualties.org atariaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.