AEBek presio handiagoa egin diote Israeli, Gazan su eten bat onar dezan

Etxe Zuriko zenbait agintarik, Bidenek berak ere bai, Tel Avivi ohartarazi diote zerrendako erasoaldia gehiegizkoa izaten ari dela.

(ID_13579820) ISRAEL PALESTINA
Israelgo armadak Rafah bonbardatzean hondatutako eraikinetako bat, atzo. EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 9a
14:30
Entzun

Israelgo armadaren oldarraldiak ez du etenik Gazan. Ez soilik zerrendaren iparraldean eta erdialdean: hegoaldera ere ari dira heltzen bonba hotsak. Atzo ere egin zuen eraso, Egiptoko mugatik gertu dagoen hiria (Rafah) bonbardatu baitzuten, eta hamahiru palestinar hil zituzten eraso horietan. Denera, 27.947 pertsona lau hilabetean. Egoera hori aintzat harturik, eta jakinda Tel Avivek lurreko inbasioa eremu horretara zabaltzeko mehatxua egin duela, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak presio handiagoa egin dio Israeli, su eten bat onar dezan.

Etxe Zuriko hainbat agintarik mezu hori helarazi dute atzo eta gaur. Horien artean dago Joe Biden AEBetako presidentea bera; orain arteko kritikarik argiena egin du Bidenek gaur, esan baitu Israelgo armada «gehiegizko» erasoaldia egiten ari dela Gazan. «Amaitu egin behar du. Errugabeak diren asko goseak daude, hamaika arazo dituzte, eta hiltzen ari dira». Gauzak horrela, «su eten baten alde» lanean ari dela adierazi du AEBetako presidenteak.

Afera horretaz, Bidenek jakinarazi du lortu nahi duen akordioak hiru ildo nagusi dituela: Saudi Arabiaren eta Israelen arteko harremanak normalizatzea, Palestinako herritarrentzat laguntza humanitarioa handitzea, eta behin-behineko su etena lortzea, Hamasek bahituta dituen israeldarrak aske geratzeko.

AEBetako presidentearen aurretik, kasurako, John Kirby Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak atzo adierazi zuen «hondamendi bat» izango litzatekeela lurreko erasoaldi bat egitea Raharen kontra «zibilak aintzat hartu gabe», eta Etxe Zuriak ez lukeela balizko operazio militar hori babestuko. «Israelek betebehar berezi bat du zibilak babesteko».

Adierazpen horiez gain, beste bide batzuk ere baliatu ditu AEBetako Gobernuak presioa handitzeko. Washingtonek segurtasun nazionalerako memorandum bat osatu du, eta, testu horretan, Estatu Departamentuari zera eskatzen dio: AEBetako armak erosten dituzten herrialdeek idatziz berma dezatela nazioarteko legedia errespetatzen dutela. Etxe Zuriak ez du nahi AEBetan ekoitzitako armak «giza eskubideen aurkako urraketak» egiteko erabil daitezen. Hori bai, eskaera horretatik kanpo geratzen dira aireko defentsa sistemak eta zehazki defentsarako armak, hiltzeko erabiltzen ez direnak.

Azken bonbardaketa Rafahn egin izanak harrabotsa eragin du inguruko herrialde arabiarretan. Izan ere, iazko urrian Israelgo armadaren eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra hasi zenetik, milaka palestinarrek egin dute ihes zerrendaren iparraldetik zein erdialdetik hegoaldera, Egiptoko mugatik gertu dagoen hiriraino. Eta Israelgo Gobernuaren mehatxua ikusirik, Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Jordaniak, Qatarrek eta Saudi Arabiak, Palestinako Aginte Nazionalarekin batera, «berehalako» su eten bat eskatu zioten Tel Avivi, berriz ere, atzo Saudi Arabiako hiriburuan egindako bilkura baten ondoren esan zutenez.

Komunikatu horretan, sinatzaileek adierazi zuten Palestinako gatazka amaitzeko bide bakarra dela Palestinako Estatua aitortzea. «AEBei jada adierazi diegu ez dugula inolako harreman diplomatikorik izango Israelekin Palestina estatu independente bat dela aitortu eta Gazako zerrendako erasoak amaitu arte», adierazi zuen Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhan al-Saudek. Gaineratu zuen estatu horrek 1967ko aurreko mugak izan behar dituela.

Biden ez dute auzipetuko

Donald Trump AEBetako presidente ohiak bere garaian egin bezala, Bideni ere leporatu diote isilpean eta sailkatuta dauden dokumentuak eta koadernoak etxean gorde izana. Atzo, ordea, Robert Kyoung Hur Justizia Departamentuko fiskal bereziak esan du —AEBetan fiskaltzak interes gatazka izan dezakeen kasuetan jarduten duen abokatua— ez dagoela AEBetako presidentea auzipetzeko arrazoirik. Hala ere, baieztatu du dokumentu horiek Bidenen etxean egon direla.

Txostenean, Biden «memoria txarra duen gizon zahar bat» bezala definitu du Hurrek. Hautsak harrotu ditu horrek. AEBetako presidentea horren aurka agertu zen atzo, eta bere errugabetasuna defendatu zuen, argudiatuta «ondo» zekiela zer egiten zuen: «Nire memoriak partekatzerakoan alde batera utzi ditut publiko orokorraren aurrean esan ezin direnak». Izan ere, ikerketa honakoagatik hasi zuten: ustez Bidenek isilpean partekatu ziola bere memoriak idazten ari denari gordeta dagoen informazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.