Bizitza politikotik erretiratu eta ezkutuan ibiltzearen truke AEBek zigorgabetasuna agindu ziotela esan zuen atzo Radovan Karadzic Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegian, Hagan (Herbehereak). Joan den astean atxilotu ostean, epaituko duen tribunalaren aurrean lehen agerraldia egin zuen Karadzicek, eta "atxiloketa irregularra" salatzeko eta ustez 1996an Washingtonekin egindako akordio horren berri emateko baliatu zuen.
Richard Holbrooke Bosnian AEBetako bitartekari izan zenak, eta ustez, Karadzicekin tratua egin zuenak, ordea, ukatu egin du ituna. "Halako hitzarmen bat moralaren kontrakoa eta etikarik gabekoa litzateke, eta ez zen egin. Karadzicek 1996an abiatu zuen kontu zaharra da hori", adierazi du Holbrookek. "Zero du egiatik", azpimarratu du.
Holbrookek onartu du Slobodan Milosevic Serbiako presidente zenarekin negoziatu zuela Karadzic gobernutik kentzea, baina trukean mesederik eskaini gabe. Holbrooken arabera, Karadzicek orduan asmatu zuen immunitatearen kontua eta 12 urtez eutsi dio.
Karadzicen kontrako auzia atzo hasi zen Hagako auzian. Bosniako musulman eta kroaziarren aurka egindakoengatik genozidioa, gerrako krimenak eta gizateariaren kontrakoak egozten dizkiote.
Mundua
AEBek ukatu egin dute Karadzici immunitatea agindu ziotela
Hagako auzitegian Washingtonekin ituna egin zuela iradoki zuen atzo Bosniako serbiarren buruzagi ohiak. Richard Holbrooke Bosniarako AEBetako bitartekariak gezurra dela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu