Errusiak lehen urratsa egin du armagabetze nuklearrerako Start akordioa indarrean jartzeko: Legebiltzarrak testua onartu du lehen irakurketan. Iragan astean, hain justu, AEBetako Senatuak eman zion baiezkoa itunari.
Apirilean sinatu zuten akordio berria Barack ObamaAEBetako presidenteak eta Dmitri Medvedev Errusiakoak. Zazpi urtean herrialde bakoitzak arma nuklearrak %30 murrizteko konpromisoa hartu zuten.
Start berria datozen hamarkadetan Europako eta mundu osoko segurtasunaren oinarria izango dela adierazi du Medvedevek. 350 diputatuk eman diote baiezkoa testuari, eta 58k, aldiz, ezezko botoa eman dute.Testuaren konplexutasuna dela eta, datorren urteko urtarrilean, beste bialdiz bozkatuko dute egitasmoa. Orduan, zuzenketak proposatu ahal izango dituzte diputatuek.
Bozketa isilpekoa izan bada ere, emaitza ikusirik, pentsa daiteke Kremlineko alderdiko, hau da, Errusia Batua koalizioko diputatuek eta Errusia Bidezkoa ofizialistek baiezkoa bozkatu dutela. Komunistak izango ziren ezezkoa eman dutenak. Alderdi Komunistak, hain justu, Start onartzeak herrialdea ahultzea ekarriko duela ohartarazi du.
Misilen aurkako ezkutua
AEBetako errepublikanoen gehienak armagabetze nuklearrerako akordioaren aurka agertu dira. Europan ezarri nahi duten misilen aurkako ezkutua auzitan egongo dela sinetsita baitaude, Obamak halakorik ez dela gertatuko azaldu arren. Hain justu, ezkutua Errusiako mugetatik gertueraikitzea izan daitekeMoskuk hitzarmena bertan behera uzteko arrazoi nagusia.
Bestalde, Vladimir Putin Errusiako lehen ministroaren aurka egin du egunotan Medvedevek. Astelehenean dira Jodorkosvki oposizioko kidearen epaia ematekoak. Petrolioa lapurtzea eta dirua zuritzea egozten diote. Putinek 150 urteko kartzela zigorra ezarriko diotela esan zuen iragan astean. Medvedevek esan zuen epaia jakin arte inork bere iritzirik ezin duela eman.
AEBekin duen Start ituna berresteko lehen pausoa eman du Errusiak
Akordioak datozen hamarkadetan mundu osoan segurtasuna bermatzeko balioko duela dio Medvedevek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu