AEBen giza eskubideen urraketa salatu du NBEk

Afganistan eta Iraken soldaduek egiten dituztenak, Guantanamo eta heriotza zigorra kritikatu dituzte

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeko kideek lau urtean behin giza eskubideen inguruko azterketa pasatu behar izaten dute, eta AEBek ez dute gainditu. Giza eskubideen inguruan egindako txostena defendatu dute, baina ez dira geratu hainbat kritika entzun gabe. Besteak beste, heriotza zigorraren inguruan, hainbat nazioarteko hitzarmen berresten ez dituztelako eta Guantanamok oraindik irekita dirauelako.Hainbatetan eurek beste herri batzuei leporatu dietena entzun behar izan dute.

Kritikekin batera, hala ere, Nazio Batuen Erakundeko hainbat kidek nabarmendu dute urratsak egiten ari dela Barack Obamaren administrazioa. Lehen aldia da AEBetako gobernu batek baimena ematen duela horrelako ikerketa bat egiteko, eta hori bera nabarmendu du Obamaren gobernuaren izenean hitz egin duenak, Esther Brimmer Estatu idazkariaren ondokoak: «Azterketa hau egiten uzteak giza eskubideak sustatzeko gure konpromisoa erakusten du». Gai horretan egin beharrekotan dituzten erronkei «harrotasunez aurre egiten» dietela esan du, eta konpromisoa dutela nazioarteko sistema erabiltzeko giza eskubideen babesa sustatze aldera, bai etxean eta bai kanpoan.

Gerrak eta beste

Afganistango eta Irakeko gerretan AEBetako soldaduek izan duten jarrerak jaso du kritika gehien Nazio Batuen Erakundeko ordezkarien eskutik, baita terroristatzat jotzen dituzten presoek Guantanamon izaten duten babes faltak eta tratu txarrak ere.

AEBetako soldaduen jarrera oro har egokia da, Esther Brimmerren arabera; noizbehinkako praktika desegokiek egunerokoa zikintzen dutela uste du. Baina, behin eta berriz ziurtatu duenez,«gerretan ere ez dago legez kanpoko eremurik, eta oso zorrotz betetzen dituzte protokoloak». Gure prozeduraez da salbuespena. Gatazketan XXI. mendean aplikatzen diren gerra arauengatik mugatuta gaude gu ere». Torturen kasuan, dena den, «erabateko erabakia» hartuta dauka Obamak horrelakoak ez onartzeko eta zigortzeko.

Guantanamo gerra lege horien parte da, haien ustez, eta, horregatik, «oso konplexua» da hura ixtea. Etengabeko saioak egin dituztela esan dute, eta hura ixtea ez dagoela Obamaren esku soilik: «Ongi dakizue zenbat saio egin diren ixteko, baina ez dago gure esku soilik».

Heriotza zigorrak ere izan du tarte berezia kritika horietan, baina kasu horretan sutsuki defendatu dute praktika hori, Harold Koh estatu aholkulariaren bidez: «Berme guztiekin aplikatzen dugu, beharrezkoa irizten diogulako eta ez dagoelako nazioarteko legerik hori debekatzen duenik». Dena den, prozesu guztiek eskatzen dituzten mugekin eta bermeekin egiten direla ziurtatu du. Ez du hori pentsatzen, ordea, Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak, dozenaka kasu salatu baititu prozedurak behar bezala betetzen ez direlako; azken salaketa urrikoa da.

Herri guztiek dute zer esana

Nazio Batuen Erakundeko ordezkari guztien ahotan izan diraAEBen kontrako kritikak. Baina, batez ere, berak gehien kritikatzen dituen herrietatik etorri zaio zaparradarik handiena; besteak beste, Kuba, Venezuela eta Irango ordezkariengandik. Kubak bahimendua behingoz amaitzeko eskatu du, horrek sortzen duen babes eza salatuta. Latinoamerikako herriek leporatu dioten beste gaietako bat migrazio politika izan da. Paperik gabeko immigranteekin erabiltzen duten prozedura bertan behera uzteko eskatu dute, baita atxilotze politika amaitzeko ere. Horrez gainera, aurrera egin berri duen Arizonako legea ezin dela onartu nabarmendu dute. Edozein atxilotzeko aukera ematen du lege horrek. Irango ordezkariek tortura, legez kanpoko operazioak eta ezkutuko espetxeak desagerrarazteko eskatu dute.

Washingtongo arerio gogorrenen hitzez gain, lagunagoenak ere izan dira. Frantzia, Norvegia, Espainia, Suitza eta Errusia aritu dira Guantanamoko, Afganistango eta Irakeko jardueraz eta tortura praktikez.

Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek giza eskubideen inguruko azalpenak ematen dituzte, baina horiek bermatzeko aginpiderik ez dute ezartzen. Estatuen borondatearen araberakoa izaten da horiek zuzenduz joatea. Muturreko kasuak direnean NBEko Segurtasun Kontseiluko kideek hartzen dituzte haien kontrako neurriak, eta zigorrak jartzeko prozedura zabaltzen dute kasu batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.