Duela hamar urteko atentatua gogoan izan dute AEB Ameriketako Estatu Batuek. Al Kaedak erasotako hiru guneak —New York, Washington eta Pensilvania— bisitatu zituen Barack Obama presidenteak igandean, 3.000 biktimen eta haien senitartekoen omenezko ekitaldiak egiteko. New Yorkeko ekitaldian, gainera, George Bush presidente ohia ere izan zen, hura baitzegoen agintean 2001. urtean. Dena den, biktimak nabarmendu nahi izan zituen Obamak ekitaldietan, eta iluntzera arte ez zuen adierazpen publikorik egin.
Batasunari esker lortu dute AEBek 2001eko atentatuei aurre egitea, Obamaren esanetan; ezbehar hark, gainera, «AEBen nazio izaera indartzeko» balio izan du presidentearen ustez. «Ezerk ezin du benetan baturik dauden AEBen borondatea zapuztu. Azken hamar urteetan argi geratu da AEBek beldurrari ez diotela amorerik ematen, eta herritarrak babesteko prest daudela». Obama harro agertu zen AEBetako herritarrek beren «balioak» mantendu dituztelako, atentatuek izan zituzten ondorio larriak gorabehera. «Gure nazio izaera ez da aldatu, gure fedea ez da aldatu, eta AEBei genion fedea indartu baino ez da egin».
Islamaren aurkako gerrarik ez dute egingo AEBek, ezta beste edozein erlijioren aurkakorik ere. Horixe adierazi zuen Obamak, Bushek bere garaian egin zuen bezalaxe. Izan ere, 2001eko atentatuek herritarren arteko lotura sendoak eratzeko balio izan dute, Obamaren esanetan, «jatorria edozein izanda ere». Hala, AEBetako herritarrak beren iritziak adierazteko askeak direla berretsi zuen presidenteak.
Irakeko eta Afganistango misioak ere izan zituen hizpide, eta bertan parte hartu duten bi miloi lagunen lana goraipatu zuen, «AEBei mina egiten dieten horieiezingo dietela Justiziari ihes egin erakutsi dietelako». Dena den, herrialde horien subiranotasuna bermatzeko ardura hartu zuen Obamak, eta hamar urteotako gerra berta behera utzi nahi duela adierazi zuen, «etorkizun baketsu batera igarotzeko». NATOk, berriz, «terrorismoaren» aurka jarraituko du, eta helburu hori lortzeko bidean nazioartea elkarlanean aritzea beharrezkoa dela adierazi du.
Lanpostuak sortzeko plana
AEBei halako erasoa egitea ezinezkoa zela uste zuten askok 2001era arte, baina urte hartako atentatuek agerian utzi zuten munduko potentzia izanik ere ez dagoela arriskutik salbu. Azken hamar urteotan izugarrizko neurriak ezarri ditu gobernuak «AEBetako herritarren segurtasuna babesteko», eta hainbat atentatu ahalegin gelditu dituztela adierazi izan dute agintariek. Joan den igandean, esaterako, Poliziaren presentzia handitu zuen gobernuak New Yorken, eta erasoa izan zen ingurua erabat hartu zuen.
Segurtasun falta ez da, ordea, AEBetako herritarren kezka nagusia. Krisi ekonomikoak eragin die haiei ere, eta azken urteotako langabezia tasa handiena dute —%9tik gora—. Hala, lana sortzeko plana aurkeztu zuen atzo Obamak Kongresuan, datorren urteko hauteskundeei begira. «Hamalau hilabete falta dira datozen hauteskundeetarako, eta lanik gabe dauden miloika herritarrek ezin dute ordura arte itxaron».
CNN kateak emandako datuen arabera, lanik gabe dauden %43k sei hilabete baino gehiago daramate egoera horretan.
AEBen nazio izaera indartu egin da 2001eko erasoen ostean, Obamaren hitzetan
Langabeziari aurre egiteko plana aurkeztu du Kongresuan, datorren urteko hauteskundeei begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu