IRak

AEBetako armadako azken borroka taldeak atera dira

Horrenbestez, gerra amaitutzat eman du Washingtonek. Hala ere, oraindik 50.000 soldadu estatubatuarrek jarraitzen dute Iraken, batik bat, indar armatu irakiarrak hezitzen.

2010eko abuztuaren 19a
17:23
Entzun
Bart goizaldean alde egin dute AEBetako armadako azken borroka taldeek Irakeko lurretatik, eta amaitutzat eman dute 2003an hasitako Irak Askatzeko Operazioa izenekoa; beste era batera esanda, AEBek amaitutzat eman dute Irakeko gerra. "Azkena goizeko seietan [bostak Euskal Herrian] erretiratu da Kuwaitera", agertu du Eric Bloom teniento koronelak. Ofizialki abuztuaren 31n emango dute guztiz amaitutzat gerra, bai Etxe Zuriak, bai Pentagonoak, baina bart gauzatu duten borroka taldeen erretiratzea da horretarako urratsik handiena.

"Momentu historkoa da", esan die komunikabideei P.J. Crowley Estatu Departamenduko bozeramaileak. Hala ere, argi utzi du AEBak ez direla Iraketik erretiratu: "Gerra amaitzen ari gara, baina ez Iraken egin nahi dugun lana", zehaztu du. Ildo horretatik, AEBetako Armadako 50.000 soldaduk Iraken jarraituko dute, gutxienez 2011 amaiera arte, "indar armatu irakiarrak hezitzen eta AEBen interesak zaintzen".

George Bush presidenteak aginduta 2003ko martxoaren 20an abiatu zuten AEBek Mendebaldeko beste hainbatestatu eta erakunderen laguntzaz Irakeko gerra. Saddam Husseinen agindupean Irakek suntsipen handiko armak zituela izan zen erasoa hasteko aitzakia, gero halakorik ez zela frogatu bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.