Nolanahi ere, Gorenak ez du iruzkinik egin hartu berri duen erabakiaren inguruan; Schilender Schiavoren gurasoen eskaria ez duela aintzat hartzen baino ez.
Horrenbestez, zazpi urtez luzatu den auzibidea erabaki horrekin amaitu beharko litzateke. Hala ere, badago oraindik beste erabaki bat hartzeke: Jeb Bush Floridako gobernadoreak auzi horren inguruan egindako eskaerari buruz estatu horretako epaitegi batek hartu behar duena. Izan ere, Schlinder Schiavoren legezko tutoretza bere gain hartzea galdegin du Bush gobernadoreak. Egun, hiletsita dagoen emakumearen senarra da haren legezko tutorea, finean, Schlinder Schiavori eutanasia egitea eskatu zuena eta erabaki horren defendatzaile handiena. Senarraren argudioa da emazteak behin baino gehiagotan adierazi ziola inoiz garun heriotza edo tankerakoren bat izanez gero ez lukeela nahi landareak bezala bizi; hau da, egun dagoen egoeran.
Aitzitik, hiletsitako emakumearen gurasoak eutanasia aplikatzearen aurka daude.
Schlinder Schiavoren auziak eztabaida handia piztu du AEBetako iritzi publikoan, eta estatuko erakunde nagusiak ere sartu dira ika-mika horretan, errepublikanoen ekimenez. Hala, Floridako epaileak hiletsitako emakumea makinetatik askatzeko agindua eman ostean, AEBetako Kongresuak eta Senatuak ezohiko batzarrak egin zituzten gurasoei helegitea aurkezteko eskubidea ematen zien, eta, ondorioz, eutanasia geraraz zezakeen legea onartzeko. Era berean, George Bush presidenteak oporrak eten zituen lege hori sinatu eta lehenbailehen indarrean sar zedin.
Hala ere, errepublikanoen eta sektore kontserbadoreen ekimenak ez dira aurrera atera, Auzitegi Gorenak gaur eta epaitegi federal batek asteon uko egin baitiote emakumea berriro makinetara lotzeko agindua emateari.
Terri Schlinder Schiavok 41 urte ditu. Duela 15 urte, argaltze dieta gogor baten ondorioz, infartua izan zuen, eta garun heriotza egoeran dago ordudanik; landareen gisan bizi da. Joan den ostiralean kendu zioten elikatzen zuen tresneria, eta berriro ere lotzen ez badute bi asteren buruan hilko dela uste dute medikuek.
Eutanasia
AEBetako Auzitegi Gorenak ez du onartu Schlinder Schiavo berriro makinetara lotzeko eskaria
Duela 15 urtetik hiletsita dagoen Terri Schlinder Schiavo berriro ere bizirik iraunaraz dezaketen makinetara lotzeko eskaria ez du onartu AEBetako Auzitegi Gorenak. Schlinder Schiavoren gurasoek aurkeztu zuten helegitea Auzitegi Gorenean, Floridako epaile batek iragan ostiralean hartutako erabakiaren kontra; hau da, 41 urteko emakumea elikatzen duten makinetatik askatu eta hiltzen uztearen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu