Bagramen dago AEBek Afganistanen duten base militar handiena.Erasoa goizeko 10:00ak inguruan izan zen. Bonba-auto bat gidatzen zuen ekintzaile suizida batek ibilgailua eztandarazi zuen basera sartzeko igaro behar diren hiru hesietatik lehenengoaren sarreran.
Leherketak eragindako hildakoez datu kontrajarriak helarazi zituzten. Afganistango Segurtasun Ministerioak 18 lagun hil zirela eta tartean atzerriko hiru militar zeudela helarazi zuen lehenik. AEBek zuzendutako nazioarteko koalizio militarrak gerora zehaztu zuen hiru atzerritar hil zirela: AEBetako eta Hego Koreako soldadu bana eta zibil bat. Lekukoek eta kazetariek, berriz, gutxienez 11 afganistandarren gorpuak zenbatu zituzten. Bagramgo base militarrean lan egiten zuten zibilak ziren.
Kari Jusef Ahmadi gerrillari talibanen eledunak erasoa eurek egin zutela jakinarazi zuen eta ekintzaile suizidaren izena ere zehaztu zuen: Abdu Rahim. Erasoa presidenteordearen kontra zuzenduta zegoela jakinarazi zuen, halaber, bozeramaileak. Dick Cheney astelehen arratsean iritsi zen Afganistanera.
Ekintzaile suizida ez zuen presidenteordea zegoen lekura gehiago hurbiltzerik izan. Izan ere, basearen barne eremura heltzeko hiru hesi igaro behar dira eta lehenean izan zen leherketa. James Bonner AEBetako armadako lotinente-koronelak erasoaren nondik norakoak azaldu zituen: «Basean sartzea ez zuela erdietsiko ohartu zenean, zibilei oldartu zien».
MUSHARRAF ETA KARZAIREKIN. Cheneyk leherketa gogor bat entzun zuela eta bunker batera eraman zutela jakinarazi zuen: «Bonbetatik babesteko toki batera eraman ninduten denbora labur batez. Gauzak lasaitu zirenean, gertatu zena argitu ostean, nire gelara eraman ninduten joateko garaia iritsi arteraino». AEBen aginpidea zalantzan jartzeko ahalegina izan zen erasoa Cheneyrentzat.
Kabul hiribururako bidea hartu zuen ondoren Cheneyk. Hamid Karzai Afganistango presidentearekin bildu zen eta hitz eman zion «behar den denboran guztian» jarraituko dutela tropak herrialdean. Bi agintariek talibanak antza udaberri alderako prestatzen ari diren erasoaldiari aurre egiteko neurriak izan zituzten hizpide. 2001eko udazkenean nazioarte koalizio militar batek boteretik haizatu zituenetik, indartu egin dira berriro gerrillariak. Iaz lau mila lagun inguru hil ziren erasoetan, tartean atzerriko 170 militar. Aurten 17 dira jada talibanen erasoetan hil diren soldaduak.
Pervez Musharraf Pakistango presidentearekin bildu zen bezperan Cheney. Al Kaedako kideak eta talibanak herrialdean ezkutatzen direla uste dute agintariek.