Presidentetzarako hautagaitza onartu du bart Mitt Romneyk, Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionalaren azken egunean. Paul Ryan presidenteorde izateko hautagaiarekin batera lehiatuko da Barack Obama hautagai demokrataren aurka, azaroaren 6ko hauteskundeetan. Azken horrek AEBetako ekonomia «guztiz» aldatzea hitzeman du Tampako batzarrean, eta adierazi du bere belaunaldiak jasotakoa bezalako herrialdea utzi nahi diela ondorengoei, «gazteentzat aukerekin eta zaharrentzat segurtasunarekin». Romney eta biak hori lortzeko prest daudela esan du: «Demokratei ideiak amaitu zaizkie, haien unea etorri zen, eta joan da. Beldurra eta zatiketa dira geratzen zaien guztia».
Hasi bezala amaitu dute errepublikanoek batzar nazionala. Hitza hartu duten ordezkari guztiek Barack Obama AEBetako presidentearen lau urtetako jarduna kritikatu dute. Ryanen arabera, «lidergo eza» erakutsi du Obamak, eta esan du errepublikanoek konponduko dituztela AEBetako arazo ekonomikoak. Klase ertaina indartzea da Ryanen helburua: «Klase ertaina indartzeko plan bat daukagu; lau urtetan 12 milioi lanpostu sortzea da gure asmoa».
Ryanen ustez, diru gehiago jarri behar da Defentsan, eta gutxiago gobernuak martxan jarritako programa sozialetan. Gastu publikoak murriztea, eta Obamak martxan jarritako osasun erreforma geldiaraztea da errepublikanoen plan ekonomikoak jasotzen dituen neurrietako batzuk.
Hainbat demokratek Romneyri eta Ryani egotzi diete ez dutela menderatzen nazioarteko politika. Hori dela eta, Condoleezza Rice Estatu idazkari ohiak eta John McCain senatariak eta 2008ko presidentetzarako hautagaiak izan zenak ere parte hartu dute ekitaldian. McCainen esanetan, Romney da aukerarik onena, «bai AEBentzat, bai mundu guztiarentzat». Haren ustez, herritarrek ezin dute onartu Obamaren beste agintaldi bat: «Ondorioak utziko dituen aukera bat dugu hauteskundeetan. Ez dezagun huts egin».
Obamak Defentsa arloan 500.000 milioi dolar murriztu nahi izatea neurri okertzat jo du McCainek: «Inoizko mehatxu gehien eta indartsuenak ditugu, hala ere, gobernuak horiei aurre egitea zaildu du». McCainen ustez, ez da «onargarria», munduko beste herrialde batzuek AEBen lidergoa ezbaian jarri izana.
Afganistango gatazka
Bestalde, ez du begi onez ikusten «bakea lortu aurretik»AEBetako tropak Afganistandik erretiratzea. NATOk 2014a baino lehen aterako ditu handik soldaduak: «Erabaki horrek gure arerioak indartu egiten ditu, eta gure lagunak ahuldu».
Hain justu, Afganistanen tropak sartzea erabaki zuen presidenteak ere babesa erakutsi dio Romneyri. Bush familiak bideo bat bidali du batzarrera, eta hautagai errepublikanoarentzat eskatu dute botoa. «Presidente bikaina izango da» esan dute, Bush aita-semeek.
Errepublikanoen Batzarra bukatuta, hurrengo egunetan izango da Alderdi Demokrataren txanda. Batzar Nazionala igandean hasi eta ostegun arte egingo dute, Charlotten. Barack Obama onartuko dute presidentetzarako hautagai gisa, eta Joe Biden presidenteordetzarako.
AEBetako ekonomia aldatuko dutela hitzeman dute Romneyk eta Ryanek
Errepublikanoen Batzar Nazionalean Obama presidentearen jarduna kritikatu dute hizlari guztiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu